Albisteak
Atzealdea Donostia Ibilbidea ibilgailuentzat eta oinezkoentzat zabalik gaurtik
2023·03·30
Donostia ibilbideko hiritartze lanak ia amaitu dira 5 hilabetez itxita egon ondoren. Udala une oro saiatu da errepidea ahalik eta azkarren irekitzen eta, batez ere, autobus-zerbitzua bertara eramaten.
Egindako obran bi jarduera bereizten dira. Alde batetik, Astigarraga eta Hernani lotuko dituen bidegorria eraiki da eta, bestetik, bidea urbanizatu da: errepidea, espaloia eta aparkalekuak hobetuz. Urbanizazio horrekin, bidearen maila Nabarra Oñatz kalearen parekoa izatea lortu da, eta horrek ibaiaren ur-goraldiak eragindako uholdeak saihestuko ditu.
Aparkalekuen egoera ere hobetu da, lehen 37 aparkaleku zeuden orain arteko obra gauzatu den eremuan. Orain, berriz, 74 aparkaleku daude; horietako bi zamalanetarako, beste bi edukiontzietarako eta beste bi, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak . Hortaz, guztira, erabilgarri 70 aparkaleku daude (mugikortasun urriko pertsonenak barne). Orain egingo den lanen bigarren fasean, aparkaleku gehiago margotuko dira poligonoaren aurrealdean.
Zuhaitzei dagokienez, obra eremuko zuhaitz guztiak aztertu ziren. Nahiz eta hasiera batean horietatik zazpi mihuraz josita zeudela ikusi, gehienek mihura zuten. Udalak ahalik eta zuhaitz gehien salbatzearen alde egin du, hortaz, zuhaitz gehienetan egin da tratamendua mihura kentzeko. Hiru, bota egin ziren, ezin baitziren salbatu. Adar batzuetan mihura duten zuhaitza batzuk daude oraindik eta hastera doan bigarren fasean tratatuko dira.
Aurrekontuari dagokionez, 1.038.318,02 euro (BEZik gabe) esleitu zitzaizkion obrak Sasoi Eraikuntzak, S.L. enpresari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 297.375,01 euro eman dizkio proiektu horri.
Autobus zerbitzua
Martxoaren 31n, ostirala, autobusak Donostia ibilbidean geldituko dira, goizeko lehenengotik.
Amaitu gabe dauden lanak
Ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bidea ireki den arren, lanak ez daude erabat amaituta. Udalaren helburua errepidea ireki eta autobus zerbitzuak ahalik eta azkarren bere ohiko ibilbidea egitea izan da, horregatik lanak bi faseetan egin dira.
Orain, bigarren fasea hasiko da. Fase honetan zebrabideak poligonoko errepideraino luzatuko dira. Gainera, euri-uren sarea puntu horretara arte berrituko da, eta arekak berrituko dira beharrezkotzat jotzen den lekuetan. Errepidearen kota igo behar da Gruas Alonsoren aurrean (GPK) eta eremu hori asfaltatu. Eremu horretan ere beste parterre bat sortuko da, lehendik dagoenari jarraituz. Txakur hotelaren parean ere berdegune bat sortuko da. Berdegune berri horietan zuhaitzak landatzea aurreikusita dago, baina landaketa azaroan egin behar da. Eremu horretan guztian, hau da, poligonoaren aurrean, aparkalekuak margotuko dira eta Donostia Ibilbidea eta poligonoaren ardatz nagusia lotzeko obrak egingo dira. Halaber, poligonoko errepideko argiak aldatuko dira. Zuhaitzen lerrokadura berean dauden farolak kendu eta fatxadetan jarriko dira.
Lan horiek guztiak bi hilabeteren buruan amaituta egotea aurreikusten da.