Albisteak

Atzealdea Diru-kontuak, kontratuen esleipenak eta dirulaguntzak hizpide Otsaileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordean

Joan den asteartean egin ziren bi batzarrak

2024·02·29


2023ko likidazioa, gerakina eta kreditu gehikuntza

Diru kontuen berri eman zen otsaileko Osoko Bilkuran, zehazki, 2023ko likidazioa, gerakina eta aurrekontuan egitekoa den kreditu gehikuntzaz.

Likidazioari dagokionean, defizit- eta egonkortasun-helburuak bete direla esan daiteke. Astigarragako Udalak aurreikusitako aurrekontuaren %75,16 gauzatu zuen 2023an, inoizko zenbateko altuenarekin, ia 14.000.000 euroko zifra gaindituaz; zehazki, 13.978.062,77 euro. Betetze-mailari dagokionez, azken 6 urteetako gauzatze-maila altuena izan da.

Diruzaintzako gerakina 5 milioi eurokoa da.

Txertaketak egiteko gerakinetik 3 milioi erabiliko dira, hau da, 2023tik 2024ko aurrekontura gehituko da, dagoeneko onartuta eta abian dauden obrak eta proiektuak egiteko, hala nola, brigadaren lokala, ibai parkea handitzeko proiektua, haurrentzako jolastokiak, Sagardotegi Zeharrako saneamendua, Arrobitxuloko hiritartze lanak, Plan Orokorraren prozesua...

Gastu orokorretarako 2 milioi euroko gerakina dago, eta 2024ko aurrekontuari 1.663.250,00 gehituko zaizkio hainbat proiektuetarako. Ikusi proiektuak eta kopuru biribilduak:

  • Kiroldegia eraberritzeko proiektua: 1.000.000 euro.
  • Aurrekontu partehartzaileak: 240.000 euro.
  • Garbiketako partidak: 200.000 euro.
  • Uraren zikloa hobetzeko proiektua: 183.000 euro.
  • Bizikleta zerbitzuaren inbertsioa: 150.000 euro.
  • Herri bideak konpontzeko eta hobetzeko: 50.000 euro.
  • Sagardun Partzuergoari ekarpena: 40.000 euro.
  • Apeztegiko igogailuaren osasuna eta sergutasuna: 20.000 euro.
  • Partehartze prozesuak: 19.000 euro.

Eta beste hainbat doikuntza txikik osatuko lukete kopuru hori.

Plan orokorraren aldaketa puntuala, anbulatorio berriaren kokapena

Udalak Osakidetzarekin hainbat bilera egin ondoren, osasun-zentro berria Bidebitarteko kirol-kantxak dauden lekuan kokatzea proposatu zion, eta Osakidetzak ontzat eman zuen kokapena. Udalak ildo horretan urratsak ematen jarraitzen du; izan ere, astearteko Osoko Bilkuran Plan Orokorraren aldaketa puntualari hasiera eman zitzaion, kokapen horretan osasun-ekipamendu bat eraiki ahal izateko beharrezkoa. Udalak eman behar duen hurrengo urratsa lursaila Osakidetzari lagatzea da. Plan Orokorrean aldaketa egin ondoren, Osakidetza proiektua idazten hastea espero da, eta Osakidetzaren beste zereginak arlo honetan zentroa eraikitzea eta finantzazioaz arduratzea izango da.

2024rako autotaxi zerbitzuaren tarifak

Donostialdeko araubide bereziko eremua sortzeko prozesua aurrera doa, taxi zerbitzuaren arazoari irtenbide egoki bat emateko bidean. Horretarako, Osoko Bilkurak tarifak bateratzea onartu zuen, hau da, Buruntzaldeko, Oarsoaldeako eta Donostiako taxien tarifak berak izatea.

Tokiko Gobernu Batzordeak ontzat eman zuen zenbait kontratu esleitzea

  • Goiko Iturri eremuan hiri-igogailu bat jartzeko kontratazio-espedientea esleitzea Construcciones Urdinberri SL enpresari esleitu zaizkio lan hauek, 446.240,85 eurotan. Lanak apirila-maiatzean hasiko direla aurreikusten da eta 8 hilabeteko iraupena izango dute.
  • Arrobitxuloko hiritartze-lanen kontratazio espedientearen esleipena Construcciones Otegui Gaztañaga SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 237.548,77 eurotan. Lan hauek ere apirila-maiatzean hasiko direla aurreikusten da eta 12 aste iraungo dute.
  • Eraikinak garbitzeko kontratua Garbiketa zerbitzuaren lan hitzarmena berritu zen eta hitzarmen berriak lan baldintza hobeak jasotzen ditu. Kontuan hartuta sektorea feminizatua dela eta lan baldintza prekarioak dituela, Udalak ahalegin berezia egin du eta enpresa esleipedunarekin hainbat bilera egin ondoren, lehiaketa berri bat jarri du abian indarrean dagoen kontratua amaitu aurretik. Baldintzak hobetzeko ahalegin horrek eta gero eta instalazio publiko gehiago garbitu beharrak igoera ekonomiko nabarmena ekarri du. Atzo kontratua onartu eta esleipen prozedura abian jarri zen. Kontratua lehiaketara aterako da bi loteetan: garbiketa arrunta aslde batetik, eta leihoak bestetik. Lehenengo urteko lizitazio-prezioa, BEZik gabe, 325.432,36 eurokoa izango da, eta urtero igoko da.

Tokiko Gobernu Batzordean dirulaguntzei lotutako hainbat gai onartu ziren.

  • 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren aldaketa Urtarrilean onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aldaketa bat onartu zen; 4.000,00 euroko dirulaguntza izendun bat ematea Ergobiako Gastronomi Elkarteari Euskal Jaia antolatzeko, eta horrekin batera 4.000,00 euroko murrizketa kultur eta jai ekitaldiak antolatzeko deialdi irekian.
  • Dirulaguntza izendunak: Hiru elkarteen dirulaguntza izendunak ere onartu ziren:
    • Galtzaur elkarteari, 12.000,00 euro.
    • Matazak indarkeria sexistaren aurka elkarteari, 10.000,00 euro.
    • Astiko elkarteari, 25.000,00 euro.
  • Dirulaguntza deialdi irekiak
    • Kultura, jai eta ospakizunen arloetako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu ziren. Kultur arloko laguntzen helburua da sorkuntza, ekoizpena eta kultur hedapenera bideratutako jarduerak sustatzea. Eta, Jai eta ospakizunen arloko laguntzen helburua jai giroa sustatzea da, izan kultur arloko jardueren bidez edo/eta herritarren parte hartzea bultzatzeko helburuarekin antolatzen diren beste jarduera batzuen bidez, adibidez, gastronomia arlokoak, jolasak etab. Udalak, 17.000,00 euro aurreikusi ditu deialdi honetan kulturarako eta 24.000,00 euro jai eta ospakizunetarako.
    • Lehen sektoreko proiektuak sustatzeko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu ziren. Horretarako, Udalak 30.000,00 euro aurreikusi ditu. Laguntzak honako helburuetarako erabili ahal izango dira: inbertsioetarako eta ustiategien hobekuntzarako, nekazaritza erabilerarako ura ordaintzeko, abereen bazka eta pentsuaren prezio altuei aurre egiteko, albaitaritza zerbitzuko gastuentarako edo/eta nekazal produktuen kontsumoa sustatzen duten ekintzetarako. Iaz, esaterako, idientzako pentsua erosteko, sagarrak biltzeko makina erosteko eta eguzki-plakak jartzeko dirulaguntzak eman ziren.