Albisteak
2022·11·28
Eusko Jaurlaritzak Astigarragako DBHko ikastetxea erikitzeko exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa burutzeko kontratuaren lehiaketa jarri berri du martxan. Lehiaketa horretan eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da eta proiektua idatzi eta zuzendaritza burutzeko prezioa gehienez 750.000 euro (gehi BEZ) izango da. Ikastetxea eraikitzearen kostua oraindik finkatu gabe dago, izan ere, proiektua idatzi ondoren jakingo da kostua, baina 10 milioi ingurukoa izan daiteke.
Kontratua irabazten duenak 192 eguneko epea izango du proiektua idazteko. Horren arabera, 2023 amaierarako idatzita egongo litzateke proiektua.
Urratsa garrantzitsua da lehiaketa hori martxan jarri izana, ikastetxearen kokapena eta ezaugarriak finkatuta geratu direlako.
Ikastetxearen ezaugarriak
Orubea 8.593 m2-koa da, udalaren jabetzakoa da eta Hezkuntza Sailari laga zaio (2021eko uztailean laga zion udalak Hezkuntza Sailari). Ikastetxearentzat 6.000 m2 hiritartuko dira gehienez ere.
Hona hemen Hezkuntza Sailak zehaztu dituen ezugarriak, idazten den proiektuak bete beharko dituenak:
- 16 unitate (DBH 1, 2, 3 eta 4): ikasgelak, gela eta eremu bereziak (informatika, teknologia, liburutegia, gimnasioa…), eremu osagarriak (jangela, sukaldea…), administrazio eta zuzendaritzarako eremuak (bulegoak, bilera gelak…).
- Eraikitako azalera guztira: 5.302 m2
- Patioa eta aterpeak: 1.450 m2 (horietatik estalita 900 m2)
Batxilergoa jartzeko aukera 2. fase batean: Proiektuak bigarren fase batean batxilergoa ezartzeko eraikina handitzeko aukera aurreikusi behar du, hain zuzen ere batxilergoko 6 ikasgela eta horien eremu osagarriak (azalera erabilgarria guztira 871 m2 eta eraikitako azalera guztira 1.001 m2).
Ikus proiektuak bete beharreko baldintza eta ezaugarriak (gelak, metroak, espazioak…).
Udalaren iritzia
Udala pozik dago urrats honekin, kokapena eta ikastetxearen ezaugarriak finkatuta daudelako eta Jaurlaritzaren gurpila martxan jarri delako, baina espero du Hezkuntza Sailak aurrerantzean gauzak arin samar egitea. Udalak partzelaren lagapena 2021eko uztailean egin ondoren, Hezkuntza Sailak urtebete baino gehiago behar izan du proiektua idazteko lehiaketa martxan jartzeko. Udalak espero du ez dela aurrerantzean atzerapen edo etenik izango.