Albisteak
Atzealdea DBHko ikastetxea eraikitzeko obra baimena onartu du Udalak urriaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarrean
2024·10·31

Urriko plenoan eta Tokiko Gobernu Batzarrean gai garrantzitsuak atera ditu Udalak aurrera.
DBHko ikastetxea eraikitzeko obra baimena
2020an Hezkuntza Sailak Mendiaundi-Aranibarko orubea ontzat eman zuenetik, Udalak lan ugari egin ditu: aurreproiektua egin, pinudia erosi eta garbitu, orubea gaitzeko urbanizazioa, Santiagomendiko ur-biltegitik hilerrira doan erdi-tentsioko linea elektrikoa lurperatzeko obrak (obra zibila, linea elektrikoa lurperatzeko Iberdrolaren obrak...). Eta, azkenik, orubea Hezkuntza Sailari lagatzeko erabakia hartzea. Horren ondotik, Hezkuntza Sailak ikastetxearen oinarrizko proiektua idatzi du.
Udalaren aldetik azken urratsa Hezkuntza Sailari obra egiteko baimena ematea izan da. Erabaki hori urriaren 29ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu du Udalak.
Hemendik aurrera Hezkuntza Sailari dagokio, batetik, datozen hiru hilabeteetan exekuzio-proiektua amaitzea eta, ondoren, obrak egiteko kontratua esleitzeko lehiaketa egitea. Gorabehera aipagarririk ezean, obrak 2025eko urte amaieran hasiko dira.
Proiektuaren xehetasunak azaldu eta herritarren galderei erantzuteko azaroan batzar irekia antolatuko du Udalak.
Bi kontratu esleitzea onartu da
Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratua esleitu dio Udalak Arreta Zerbitzuak enpresari. Azken urteotan, Udalak nabarmen handitu du zerbitzu horien aurrekontu saila, etxez etxeko zerbitzu egokia eskaintzearen alde eginez. Lehiaketari begira, Udalak ahalegin handia egin du langileen lan-baldintzak hobetzeko eta lan-hitzarmen berria ziurtatzeko, % 17ko igoera eginez. Izan ere, Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren sektorea bereziki feminizatua dago eta lan-baldintza eskasak ditu.
Bestalde, argindarraren hornidura kontratatzeko lehiaketaren hiru loteak (argiteria publikoa, udal ekipamenduak eta udal etxebizitzetako argindarra) Iberdrola Clientes SAU enpresari esleitu dizkio Udalak, eskaintzarik onena egin duelako.
Kiroldegia birgaitzeko mailegua kontratatzeko lehiaketa martxan
Kiroldegia berritzeko eta handitzeko proiektuari dagokionez, erabaki garrantzitsuak hartu zituen Udalak uztaileko Osoko Bilkuran; batetik, obren exekuzio proiektua onartu zen eta, bestetik, obrak egiteko mailegua eskatzea ere ontzat eman zen.
Azken horri dagokionez, hurrengo urratsa eman da astearteko Osoko Bilkuran, izan ere, Astigarragako kiroldegia eraberritzeko eta handitzeko lanak finantzatzeko epe luzerako (15 urte) 4.500.000 euroko kreditu-eragiketa kontratatzeko lehiaketa abian jartzea onartu zen.
Kiroldegia berritu eta handitzeko aurrekontua 8.204.941,77 eurokoa da (kontzeptu eta zerga guztiak barne).
Tokiko Gobernu Batzordean ere onartu ziren gai batzuk, eta horien artean, kolektibo zaurgarrien laneratzea sustatzeko ekimenak. Batetik, Beterri Errotuz SLU enpresari esleitu zaio gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko zerbitzua (Beterri Buruntzako eskualde-eremuko laneratze prozesu baten barruan hainbat lan eginez) eskualdeko Udalen eta Mankomunitatearen artean kontratzeko. Bestetik, Astigarragako Udalaren eta Beterri Buruntza Mankomunitatearen arteko lankidetza-hitzarmena, 2024-2025 aldirako enplegua sustatzeko toki ekintzetarako. Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak merkataritza-ekintzailetzarako (Guztion) 4.000 euroko dirulaguntza eskaera bat ere onartu zuen, dirulaguntzen bigarren lerroari dagokiona, hau da, Astigarragako merkataritza-gune nagusi zaharreko lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat jartzea.
Beste gaien artean, urriaren 29ko Tokiko Gobernu Batzordeak bi udaltzain agenteen plaza txanda irekian betetzeko lehiaketa-oposiziorako oinarriak onartu eta deialdia martxan jarri ziren.
Autobus Zerbitzu Publikoa indartu eta zabaltzeko mozioa
Autobus zerbitzu publikoa indartzeko eta zabaltzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduko udal taldeak. Astearteko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
Udala behin eta berriz jarri da harremanetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, herritarren eta Udalaren kexak helarazteko, konponbideak eskatzeko, proposamenak egiteko... Hala ere, Aldundiak ez du erantzunik eman, ez eta egoera hobetzeko konponbide egokirik ere, denbora aurrera doa eta egoera gero eta zailagoa da herritarrentzat: autobus eskasia, maiztasun eskasa, ospitale eta unibertsitate moduko ekipamendu publiko estrategiko eta oinarrizkoetara iristeko ezintasuna... Eta, gainera, Astigarragako bilakaera demografikoa ikusita, egoera okerrera doa urtez urte. Horren guztiaren aurrean, EH Bilduk mozioa eraman zuen urriaren 29ko Osoko Bilkurara, eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, PSE-EEk kontra bozkatu baitzuen eta EAJ abstenitu egin baitzen.
Mozioan honako hau eskatzen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari (autobus zerbitzuaren arduraduna):
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lurraldebusi eskatzea BU13 linearen maiztasuna 15 minutuerokoa izatea lanegunetan eta 20 minutueroakoa asteburu eta jaiegunetan.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lurraldebusi eskatzea BU13 linearen zerbitzua indartzeko goizeko orduetan (7:00-9:00) Donostiarantz eta arratsaldeko lehen orduetan (13:00-15:30) Astigarragarantz.
- Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lurraldebusi eskatzea Astigarragatik ospitaleetara eta unibertsitateetara autobus zerbitzu publiko zuzena bermatzeko, bi aukera hauetakoren bat erabiliz: bata, Lurraldebus-ek linea berri bat jartzea edota dagoeneko badaukan linearen bat berregokitzea; bi, Donostiako dBus autobus-konpainiako 35. linea luzatzea baimentzea eta bere finantzazioan parte-hartzea (baliabideen erabilpenaren ikuspegitik, aukera honek merkeagoa eta egokiagoa dirudi).
- Onartutako akordio hauek guztiak hiri arteko autobus zerbitzu publikoen ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei jakinaraztea eta euren esparruen baitan arazo honi irtenbide egoki bat emateko konpromisoa eskatzea.
