Albisteak
Atzealdea

Dagoeneko prest da terrazen ordenantza berritua

Terrazen ordenantza berritua apirilaren 20ra arte egongo da jendaurrean eta edonork aurkez ditzake erreklamazioak

2023·03·06


Astigarragako Udalak iazko maiatzean jarri zuen abian terrazei buruzko ordenantza berrikusteko prozesua, hiru arrazoi nagusik eraginda: alde batetik, bizikidetza desoroso baten seinale ziren hainbat bizilagunen kexak jaso zituen Udalak; bestetik, ostalari batzuek egun indarrean dagoen ordenantza ez zuten betetzen, zenbait arau-hauste agerian geratu zirelako; eta azkenik, pandemia amaituta, dagoeneko pandemia garaiko neurriak alde batera utzita, momentu hori bi aldeen gogoetarako inflexio-puntu egokia izan zitekeela baloratu zen.

Prozesuaren helburua terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea izan da.

Prozesuaren lehenengo pausua diagnostiko bat burutzea izan zen eta behin diagnostikoa gauzatuta, hiru saio ireki egin ziren herritarrekin eta ostalariekin. Modu horretara, denon artean ordenantza aztertzeko abagunea izan genuen, eta zerrendatu genituen zeintzuk ziren proposatutako aldaketak, zeintzuk ziren herritarrek eta ostalarien kexak, euren eskaerak…. Hainbat gai jorratu ziren, hala nola, espazioaren erabilera, ordutegia eta zarata.

Saio horietan enpatia bultzatu nahi izan da, hau da, ostalaria herritarren azalean jarri, eta herritarra ostalarienean. Bidea elkarrekin egite hori ariketa hezitzaile gisa ulertu dugu. Izan ere, hori izan da Udalaren xede nagusia, ordenantza berria esku artean dugunean, guztiok, herritarrek, ostalariek eta baita Udalak ere, betetzeko konpromisoa hartzea.

2022ko maiatzetik 2022ko abendura iraun duen prozesu parte-hartzaile horren ondorioz, Udalak beharrezkotzat jo du ordenantzan zenbait aldaketa egitea, eta aldaketa nagusiak honako hauek izan dira:

  • Sarreran hautsontziak jartzea.
  • Mahaiak jarri ahal izateko 4 metroko espazioa beharko da gutxienez.
  • Upelak jartzeko gutxienez 3,5 metroko espazioa beharko da gutxienez.
  • Gehienez ere 12 mahai jarri ahal izango dira fatxada bakoitzean (lokal bakoitzak gehienez bi fatxada erabili ahalko ditu, beraz, gehienez 24 mahai) mahai eta terrazen gehiegizko kontzentrazioa mugatzeko.
  • Terraza ondoko lokalaren parean jartzeko, establezimendu horren baimenaz gain, jabeen komunitatearen baimena ere beharko da.
  • Ordutegiak beste era batera finkatu dira: goizeko 8etatik aurrera jarri ahal izango dira terrazak, 16 orduz udaran eta 15 orduz neguan.
  • Lizentzia-eskaera egitean, orain arte zehaztutako elementuez gain, terraza zein ordutegi tartean jarri nahi duen eta eskaera zer denboraldiri dagokion (uda edo negua) zehaztu beharko da. Eskaera berean, terrazarako ezaugarri desberdinak adierazi ahal izango dira, denboraldiaren arabera.
  • Udalak ostalariari emango dion okupazio-planoan orain arteko elementuez gain, ordutegia eta baimendutako denboraldia adieraziko da.
  • Bezeroen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak (menuak, prezioen zerrendak, kartelak...) gutxienez euskaraz idatziko dira eta hizkuntza bat baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna emango zaio (hurrenkeran, tamainan...). Debekatuta dago horietan hizkuntza sexista erabiltzea.

Martxoaren 3an argitaratu zen GAOn terrazen ordenantza aldatu izanaren iragarkia. Apirilaren 20ra arte egongo da jendaurrean eta ordura arte erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio ordenantza berrituari. Ondoren, Udalak erreklamazio horiek guztiak aztertuko ditu. Ordenantza berria indarrean sartzen denetik, egindako lizentzia eskaerei ordenantza berriak eragingo die. Hala ere, urte honetarako baimena lortu dutenei, aurreko ordenantzak urte osoan eragingo die.

Udalak bideo bat zabalduko du ordenantza betetzea guztion ardura dela gogorarazteko: ostalariena, bizilagunena eta udalarena. Denon artean Astigarraga bizigarriagoa egitea da helburua.