Albisteak
Atzealdea Covid19a, ikasturte hasiera, fondoko lasterketa…
2020·09·18
Ekainean eta uztailean, Covid19aren lehen erasana baretu ondoren, gauzak oso bestela egiteko erronka izan dugu denok. Udalaren ikuspegitik esker ona adierazi nahi dizuegu askori, bereziki, pandemian adinekoak eta familiak laguntzeko parte hartu duen bolondres sareari, Kiroldegiari, Gaztelekuari eta Xagu-Xar taldeari, zaintza eta aisia uztartzeko udalekuekin egin duzuen ahaleginarengatik. Era berean, esker oneko hitzak uda sasoiko jai eta ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu edota prebentzio neurriak betez ekitaldi mugatuak antolatu dituzuenoi. Halaber, esker oneko hitzak komertzio eta ostalaritzako establezimenduei, neurriak betetzeko egindako ahaleginarengatik. Esker oneko hitzak familiei, haurrei, adinekoei… Ahalegin kolektibo itzela izaten ari da.
Eta datozen hilabeteek era bereko ahalegina eskatuko digute. Ekainean eta uztailean ez zen Astigarragan Covid19 kasu positiborik izan. Abuztuan eta iralean, ordea, bai: abuztuan 13 eta irailean (hilaren 16ra arte) 18. Osakidetzako Donostialdeko Zuzendaritzak adierazi digunez, kasu horien kutsatze bidea ezagutzen dute eta kontrolatuta dago. Ondorioz, Astigarragaren egoera, bere txarrean, ez da horren larria. Baina erne ibili behar dugu.
Ez gara errieta egiten hasiko eta gazteak edo adinekoak edo helduak kriminalizatzen hasiko. Gazte batzuk bezain gaizki egiten dute adineko batzuk. Eta heldu batzuk bezain ondo gazte edo adineko batzuk. Nolanahi ere, joan den asteburuan Kultur Etxe zaharraren atzealdean edo Santiomendin gertatutako pilaketak ezin dira onartu. Prebentzio neurriak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu (tartea zaindu, pilaketak ekidin, musukoa erabili…) orain arteko bide eta datuei eusteko.
Konfinamendu garaia eta lehen asteak lasterraldi azkarra izan ziren, baina, une haiek pasata, orain fondoko lasterketa dugu aurrez aurre.