Covid 19ak eragindako kalte ekonomikoa arintzeko Udal Plana
2021·06·21
2020.urtetik hona, osasun-krisiak eragin nabarmena izan du Astigarragako ekonomian eta enpleguan. Hori dela eta, Udalak covid-19, Udal Plana onartu zuen 2020ko maiatzaren 26an. Planak hainbat ekimen aurreikusi ditu tokiko ekonomiari eusteko. Alde batetik, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduei zuzendutako neurriak; eta bestetik, zaintza, sektore feminizatuak eta enplegu alorrari zuzendutakoak.
Zentzu horretan eta ikusirik pandemiaren eboluzioa, 2021 ekitaldirako ere zenbait egitasmo prestatzen ari da Udala. Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak joan den astean bi dirulaguntza deialdi berri onartu zituen: Bata, inbertsioak diruzlaguntzeko, eta, bestea, albo-kalteak arintzeko. Oraingoan, dirulaguntzarik jaso ez duten sektore eta autonomoak lagundu nahi ditu Udalak, eta aurreko deialdietan kontuan hartutakoez gain, sektore hauek lagunduko ditu oraingoan: kultur eta sormen industrien arlokoak, turismo sektorekoak, bezeroen etxebizitzatan lan egin duten ofizoetakoak, etxeko langileak edota ezinbesteko zerbitzuak eskaintzen dituzten autonomoak eta mikroenpresak. Horretarako 103.950 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, oinarriak GAOn argitaratu eta biharramunetik hasita. Orduan jarriko dira informazio guztia eta eskaera-orriak eskuragarri Udal webgunean.
Aurreko ekimenak
Hauek dira, besteak beste, aurreko hilabeteotan abiatutako ekimenak:
Kalte ekonomikoak arintzeko dirulaguntzak:
Bi deialdi egin ziren 2020.urtean covid-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko:
- Astigarragako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduentzat: (2020-06-02an argitaratu zen GAOn)
Deialdi honetan 63 eskaera onartu dira, eta horretarako Udalak 87.076,87 euro erabili ditu.
- Astigarragako ostalaritza establezimenduentzat: (2020-12-02an argitaratu zen GAOn)
Dealdi honetan 20 eskaera onartu dira, eta horiei erantzuna emateko, 20.000 euro erabili ditu Udalak.
Bonuen kanpainako dirulaguntzak:
Tokiko kontsumoa bultzatzeko deskontu-bonuen kanpainaren bi edizio burutu dira:
- Guztion Azoka I: (2020-06-02an argitaratu zen GAOn)
Edizio honetan 44 establezimenduk hartu zuten parte, 52.240 euroko fluxu ekonomikoarekin. Udalak edizio hau aurrera eramateko 10.448 euro erabili ditu.
- Guztion Azoka II: (2020-11-11n argitaratu zen GAOn)
Bigarren edizioan 40 establezimenduk hartu zuten parte, 56.000euroko fluxu ekonomikoarekin. Edizio hau bideratzeko Udalak 16.800 euro erabili ditu.
Zerga Ordenantza:
Zerga ordenantzako terrazen tasa bertan behera utzi du Udalak hilabete hauetan, eta beraz, tabernariek ez dute tasarik ordaindu. Tasak, guztira, 20.000 euro inguruko kostua izango luke.
Zaintza zerbitzuko laguntzak:
Zaintza lanen partekatze erantzunkide baten alde eginez, Udalak haurrentzako zaintza zerbitzuaren gastuentzako dirulaguntzak eman zituen. (2020-07-17an argitaratu zen GAOn)
Kasu honetan, bi eskaera onartu ziren; eta 1.946 euroko kostua izan du Udalarentzat.
Ibertsioetarako dirulaguntzak:
Gipuzkoako Foru Aldundiaren programaren baitan, covid-19ari aurre egiteko jarduera ekonomikoa prestatzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdia jarri zen martxan Astigarragako merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat. (2020-11-11n argitaratu zen GAOn)
Deialdi honetan 21 eskaera onartu dira, eta 21.213,56 euroko kostua izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiak %100ean finantzatu duena.