Albisteak

Atzealdea Brigada Morea: Jaietan elkarrekin etxera itzultzeko brigada

1
Txandalari gisa parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada, posta elektronikoz edo formularioa betez eman behar da izena. Zerbitzua edozein pertsonak erabili ahal izango du, adin eta genero desberdinetakoak.

2023·06·26


Zer da Brigada Morea?

Zaintza komunitarioaren ikuspegitik antolatutako ekintza da, hainbat eragileren inplikazioarekin (gazte asanblada, gaztelekua, udala, gurasoak...). Jaietako gauetan etxera bakarrik joateko segurtasunik eza adin ezberdinetara zabalduta dago eta errealitate horri autodefentsa feministaren bidez erantzun nahi diogu Brigada Morea antolatzen, elkarrekin etxera itzultzeko.

Zertarako da?

Zertarako da? Ekintza honek hainbat helburu ditu. Alde batetik, herri gisa elkar zaintzeko kontzientzia zabaltzea eta, bestetik, etxera lasai joan ahal izatea guztion eskubidea dela aldarrikatzea. Halaber, gizonezkoen salbatzailearen estereotipoa aldatu nahi dugunez, borondatez parte hartzen dutenak emakumeak* izatea erabaki dugu. Zerbitzua, aldiz, adin eta genero desberdinetako pertsona guztientzat egongo da eskuragarri. Gurasoentzat ere baliagarria izan daiteke, seme-alabek etxera taldean itzultzeko aukera izango baitute.

Noiz egongo da zerbitzua?

Noiz egongo da zerbitzua? Zerbitzua jaietako hiru gauetan eskainiko da eta gau bakoitzean bi txanda egingo dira. Uztailaren 21ean, 22an eta 24an, 01:00etan eta 03:00etan. Etxera taldean itzuli nahi duenak, ordu horietan Joseba Barandiaran Plazako taxi geltokira hurbildu beharko du, eta bertan txandalariak prest egongo dira.

Zer egin behar dute txandalariek?

Astigarragan elkar zaindu dezakegula erakutsi nahi dugu, eta, beraz, parte hartzera gonbidatu nahi ditugu ekimena babestu nahi dutenak. Gazteak, helduak eta gurasoak (amak). Txandalariak hirunaka ibiliko dira eta hitzordua baino 10 minutu lehenago itxarongo dute Joseba Brandiaran plazako taxi geltokian. Txaleko morea jantziko dute ordua iritsi arte, eta etxerako bidean laguntzea nahi duten pertsonak etortzen direnean, joan-etorria egingo dute elkarrekin.

Izen-ematea

Txandalari bezala izena emateko idatzi emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera edo galdetegia bete.

1