Albisteak
Atzealdea Bizikidetza arazoak eta erasoak saihesteko asmoz, Udalak hainbat neurri jarriko ditu martxan txotx denboraldian
2024·01·30
Txotx garaian sartuta gauden honetan, bisitari asko hurbilduko dira Astigarragako sagardotegietara sagardoaz eta janariaz gozatzera, batez ere asteburuetan. Herrian jai giroa egotearekin batera, batzuetan portaera desegokiak izaten dira, eta bizikidetza arazoak sortzen dira. Errespetu faltak, erasoak eta abar ematen dira txotx denboraldia aitzakiatzat hartuta eta Udalak argi utzi nahi du ez duela horrelako jarrerarik onartuko, eta horiek salatzeko eta ikustarazteko helburuarekin, aurten, lehen aldiz, txotx denboraldirako sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Kanpaina hau Hernaniko Udalarekin batera egin du "Ez da sagardoa zu zara" lelopean.
Kanpaina bi udalen artean egin da eta elkarrekin hainbat ekimen abiatu dira (ikusi hemen informazioa). Hala ere, herri bakoitza ezberdina denez, badira bakoitzak garatu dituen baliabide eta neurri propioak ere.
Ildo horretan, Astigarragan bi ekimen jarriko dira abian nagusiki: batetik, banderatxoak banatuko dira bizikidetza eta errespetuzko portaerak bultzatzeko; eta, bestetik, erasoen aurkako hainbat neurri hartuko dira. Ekimen horiek hainbat eragileren proposamenak dira, bereziki Gazte Asanbladarenak eta Emakumeon Etxearenak, baita Kontxa Etxeberria Foroan parte hartzen duten eragileenak ere.
“Ez izan sagar ustela” banderatxoa
Udalak banderatxo batzuk banatuko ditu erdiguneko herritarren postontzietan, eta banderatxoak balkoietan jartzeko deia luzatu nahi zaie herritarrei. Leloa "ez izan sagar ustela" da. Horrekin adierazi nahi dena da ez duela merezi lehen aipatutako jokabide desegokiekin jai-giroa hondatzen duenetako bat izatea, eta herrian dabiltzanei arduraz jokatzeko eskatzen zaie. Udaletxean ere banderatxo batzuk egongo dira eskuragarri, erdigunekoak ez diren bizilagunek ere balkoian jartzeko aukera izan dezaten. Bestalde, Udalak bizilagunei eskatu nahi die banderatxoa jarri nahi ez dutenek, itzultzeko edo erabiliko duen norbaiti emateko. Banderatxoan urtarrilaren 30ean banatuko dira, eta data horretatik aurrera udaleko erregistroan ere jaso ahal izango dira.
Erasoen aurkako neurriak
Lehenik eta behin, udalak argi utzi nahi du Astigarragan ez dela onartuko jarrera homofoborik, arrazistarik, matxistarik edo antzekorik, eta indarkeriarik gabeko herri bat izateko ahalegin handia egingo dela, horregatik, erasoei aurre egiteko hainbat baliabide eskainiko dira:
- "Nik sinestet dizut" txapak: Gazte asanbladak proposatutako ekintza da. Nahi duten herritarrek "Nik sinesten dizut" leloa duen txapa eraman dezakete soinean, eta eraso baten aurrean jarraitu beharreko pausoen eta jarraibideen berri izango dute. Horrela, eraso baten berri eman nahi duenak haiengana jo ahal izango du. Txapa eraman nahi dutenek Emakumeon Etxean eskatu behar dute otsailaren 1etik aurrera, eta bertan emango zaizkie argibideak. Gainera, aurrerago Emagin elkarteko formatzaile batek saio bat eskainiko du, eraso baten aurrean ikuspuntu feminista batetik biktima nola artatu azaltzeko.
- Karpa morea: 2024ko otsailaren 3tik martxoaren 23ra, biak barne, larunbatetan, 17:00etatik 22:00etara, karpa morea jarriko da Joseba Barandiaran plazan. Eraso matxisten prebenitzeko eta artatzeko karpa da.
- Arretarako telefonoa: 2024ko otsailaren 3tik martxoaren 23ra, biak barne, larunbatetan 22:00etatik 04:00etara egongo da erabilgarri, 638 206 586 telefonoan. Kasu horretan ere, eraso matxitei aurre egiteko arreta-zerbitzua eskainiko da.
- Udaltzaingoa: Udaltzaingoak txotx denboraldiko larunbatetan 9:00etatik 02:00etara egingo du lan. Beraiekin harremanetan jartzeko: 699 487 587.