Albisteak
Atzealdea Bihartik aurrera, otsaileko eta martxoko asteburuetan, erasoen aurrean arreta emateko eta esku hartzeko neurriak martxan egongo dira Astigarragan
2025·01·31
Txotx garaian sartuta gauden honetan, bisitari asko hurbilduko dira Astigarragako sagardotegietara sagardoaz eta janariaz gozatzera, batez ere asteburuetan. Herrian sortzen den jai-giroarekin batera, batzuetan portaera desegokiak izaten dira, eta horrek bizikidetza-arazoak sortzen ditu. Errespetu faltak, erasoak eta abar gertatzen dira txotx denboraldia aitzakiatzat hartuta, eta Udalak argi utzi nahi du ez duela horrelako jarrerarik onartuko.
Aurten ere, Astigarragako Udalak txotx denboraldirako kanpaina bateratua egin du Hernaniko Udalarekin. Kanpaina joan den urtarrilaren 29an aurkeztu zen Hernanin, "Gure etxean zaude, zaindu" lelopean. Mezu honen bidez, txotx garaian gure herrietara datozenei herriak eta bizilagunak zaintzeko eta errespetatzeko eskatzen zaie. Kanpaina kaleetara eramateko euskarri ezberdinak jarriko dira bi herrietan.
Herri bakoitzaren izaera ezberdina dela eta, kanpaina bateratuaz gain, herri bakoitzak hainbat ekimen eta baliabide propio garatu ditu. Astigarragaren kasuan bereziki erasoei aurre egiteko hainbat baliabide eskainiko dira txotx denboraldiko asteburuetan.
Honako arreta eta esku-hartze neurriak eskainiko dira eraso matxisten aurrean:
- Karpa morea: Otsaileko eta martxoko larunbatetan, 18:00etatik 22:00etara, Joseba Barandiaran plazan. Eraso matxistak prebenitzeko eta horiei erantzuteko karpa bat da.
- Aurrez aurreko arreta: Otsaileko eta martxoko larunbatetan eskainiko da, 22:00etatik 04:00etara, Emakumeon Etxean. Eraso matxisten aurrean aurrez-aurreko arreta-zerbitzua da.
- Telefono bidezko arreta: Otsaileko eta martxoko ostiral eta larunbatetan eskainiko da, 638 206 586 telefono zenbakian, 18:00etatik 06:00etara. Eraso matxisten aurrean arreta emateko zerbitzua da. Neurri hori Hernaniko Udalarekin batera eskainiko da.
- Udaltzaingoa: Udaltzaingoak txotx denboraldiko larunbatetan lan egingo du 9:00etatik 02:00etara. Beraiekin harremanetan jartzeko: 699 487 587.
- "Nik sinesten dizut" txapa: Udalerriko pertsona batzuek txapa eramango dute, erasotua izan den pertsonari baliabideak eta jarraibideak emateko.
Baliabide horiez gain, ostalaritza-establezimenduei indarkeria matxista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibideen protokolo bat eman zaie, eta laster prestakuntza-saio bat ere eskainiko zaie, horrelako kasuetan nola jokatu jakiteko.