Albisteak
2021·10·26
Bihar emango zaio hasiera herritarrak Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren diagnostikoan parte hartzeko faseari.
Plan Orokorra udalerrirako plangintza-tresna oso garrantzitsua da. Lurraldea modu integralean antolatzeko balio duen hirigintza-araudia da eta, horren bidez, lurzoruaren erabilera ezberdinak definitzen dira, baita hurrengo urteetarako udalerrirako ekipamendu-sistema ere.
Aurtengo martxoaz geroztik, dokumentazioa aztertzeko eta materialak sortzeko lan teknikoak egin dira, hasierako egoeraren diagnostikoa egiteko. Diagnostiko hori herritarrekin osatzeko eta ekarpenak jasotzeko hainbat ekimen egingo dira urriaren 27, 28 eta 29an, besteak beste Hirigintzako Aholku Batzordearen lan-saioa, urriaren 27an, 17:30ean, Erribera Kulturgunean.
Zer da hirigintzako Aholku Batzordea?
Batzorde honen eginbeharra, besteak beste, Udalak Plan Orokorraren inguruan hartzen dituen erabaki, ekimen, proposamen eta aukerak aztertzea da, azken finean, hirigintza gaietan udalaren jarduera gainbegiratzea eta aholkuak ematea.
Aholku Batzorde hau Plan Orokorraren berrikuspenaren prozesuan giltzarri izango da eta herritar eta eragileen parte-hartzea ezinbestekoa izango da Astigarragak hurrengo 10-15 urteetan izango duen ibilbidea erabakitzeko.
Batzorde horretan parte hartzeko eskubidea dute ondoren zehaztuta dauden herriko pertsona eta eragileek. Osaera aintza eta ugaria da, guztion ikuspegi, ekarpen eta iritziak jaso ahal izateko:
- “Galtzaur” Jubilatuen Etxea Elkarteko ordezkari bat.
- Goldea Elkarteko ordezkari bat.
- Herriko kultur eragileen ordezkari moduan, Udaleko Kultur Batzordeak izendatutako ordezkari bat.
- Mugimendu feminista ordeztuko duen udaleko Berdintasun Batzordeak izendatutako ordezkari bat. • Astigarragako Gazte Asanbladako ordezkari bat.
- Hurrengo Auzo Elkarteko ordezkari bana: Oialume, Ergobia, Santiagomendi eta Perurena.
- Astiko Merkatarien Elkarteko ordezkari bat.
- Mudarro Kirol Elkarteko ordezkari bat.
- Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteko ordezkari bat.
- Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko, Sagardo Mahaiko eta Sagardun Partzuergoko ordezkari bana.
- Poligonoetako jabe elkarteen ordezkari bana.