Albisteak
Atzealdea Bi mozio eta adierazpen instituzional bat urteko azken Osoko Bilkuran
2020·12·23
Mozioak
- Alde batetik, gizarte zerbitzuen euskal sistema arreta sare publiko antolatu gisa defendatzeari buruzko mozioa onartu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren Ebaluazioa egiteko prozesuak argitara eman du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak jasan duen pribatizazio-politika, eta hori salatu nahi izan du Udalak mozio honen bidez.
- Bestetik, Europar Funtsak Udaletara irits daitezen eskatzeko mozioa onartu zen. COVID19aren pandemiak sortutako krisiak gogor eragin du udalen egunerokotasunean eta, batez ere, udalek 2020rako eginiko aurreikuspenetan. Udalek beraien aurreikuspenak alde batera utzi eta beste lehentasun eta beharrizan batzuei egin behar izan diete aurre 2020.urtean. Alarma egoeraren ondorioz, udal zerbitzu asko bertan behera uzteak ere galera ekonomikoak eragin ditu udaletan. Eta beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Europatik datozkeen funtsen %30 udaletara bideratzea ziurta dezala.
Adierazpen instituzionala
Sare Astigarragak urtarrilaren 9ko “Bidea gara” mobilizazioarekin bat egiteko aurkeztutako adierazpen instituzioanala onartu zen aho batez atzoko Osoko Bilkuran, hona hemen adierazpena:
Elkarbizitzaren eta konponbidearen norabidean, egun indarrean jarraitzen duen eta horrenbeste sufrikario eragiten duen salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitu beharra dagoela adierazi nahi dugu.
Azken urteetan euskal presoek oraindik ere jasaten duten urrunketari eustea, gaixo larriak kartzelan mantentzea, ia zigorraldi osoa lehen graduan egotea… gutxi balitz, aurten denoi eragin digun COVID-19ak sortutako egoera gehitu behar zaio. Senide askok 9 hilabete luze daramatzate besarkada bat eman gabe, aita edo ama muxukatu gabe…
Horregatik, udaletxe honek ere bat egiten du salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta konponbidearen eta elkarbizitzaren norabidean pauso bat ematea eskatzen duen urtarrilaren 9ko “Bidea Gara” mobilizazioarekin. Eta dei egiten diegu gure herritarrei bertan parte har dezaten.