Albisteak
Atzealdea Beterri Saretuz: “Eskualdean bizi, lan egin eta eragin nahi duen sarea gara”
2022·06·20
Beterri-Buruntzako eragile, erakunde eta enpresen ekosistema da Beterri Saretuz, ekonomia eraldatzailean oinarriturik, “eskualdean bizi, lan egin eta eragin nahi duen sarea”, halaxe adierazi zuen Ainhoa Iribar TaPuntu kooperatibako kide eta Beterri Saretuzeko koordinazio taldeko kideak Astigarragan joan den ostegun eguerdian egin zuten ekitaldi irekian.
Hainbat hilabetez formazio saio, jardunaldi eta bestelako ekimenez osatu den egitarauari amaiera eman zioten ekitaldiarekin, egindako ibilbidea azaldu eta datorren urterako dauden asmoak ezagutarazteko asmoz. Ekitaldian eskualdeko udaletako alkate eta ordezkariak izan ziren, baita Joseba Amondarain Gipuzkoako Aldundiko Jakintza eta Enpresa Sustapenerako zerbitzuburua ere.
Formazioak eta webgunea
Maitane Barrenetxea Aztikerreko eta Beterri Saretuzeko kideak ekimenaren hastapenak eta helburuak gogorarazi zituen.
Aurten Beterri Saretuzek antolatuta egin dituzten “truke esperientzien” emaitzak ere ezagutarazi zituen, eta oso positiboki baloratu dira.
Komunikazio alorrean sare sozialetan presentzia indartzeaz gain, webgunea sortzea izan da ekimenaren urrats garrantzitsuenetako bat. Bertan, Beterri Saretuzek azken hiru urteetan egindakoa ikusi liteke, baita ekosistema osatzen duten enpresa eta eragileen fitxak ere, informazio eta kontaktuekin. Horrez gain, inork sarera batu nahi izanez gero, eman beharreko pausoak azaltzen dira formulario batean.
Unitate didaktikoa, interkooperazioa, zubilana…
Datorren urteko asmoen berri eman zuten saioaren amaieran. Enpresa eraldatzaileen arteko interkooperazioa lantzen jarraitzeaz gainera, hezkuntza eragileekin duten harremanean sakondu nahi dute.
Eskualdeko beste entitateekin lanean aritzea ere funtsezkotzat dute.
Hurrengo urteari begira esperientzia trukeekin eta komunikazio arloan ekimenaren hedapenarekin jarraituko dute, baita Erakide bezalako tresnak lantzen ere.