Albisteak

Atzealdea Beste herrietatik etorri eta euskara ikasten ari direnak ikusaraziko ditu aurten UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainak

1
Hirugarren urtea du UEMAren kanpaina honek, eta Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bestetik etorri arren denak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz.

2026·05·04


Abiapuntua: kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan

Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek.

Herri horietako zenbaitek kezka adierazi zuten, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak jatorri eta kolore asko dituela eta azalaren kolorea edota hiztunaren jatorria askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpainak.

Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion UEMAk kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin.

Aurten hirugarren urtea du kanpainak, eta euskara ikasten ari diren herritar berriak aitortu eta ikusarazi nahi izan ditu oraingoan UEMAk. Hauek dira, zehazki, kanpainan parte hartu duten euskaldun berriak eta euskara ikasleak:

  • Dahye Kim. Hego Korearra. Lezon bizi da.
  • Paula Cristina Monteiro Rodrigues. Oporton jaiotakoa, Portugalen. Ondarroan bizi da.
  • Cauria Teyeb Ahmed Salem. Sahararra. Igorren bizi da.
  • Aurora Rayo. Ocotalen jaiotakoa, Nikaraguan. Leitzan bizi da.
  • Karelys Borges Fernandez. Habanan jaiotakoa, Kuban. Lekunberrin bizi da.
  • John Bryan Saenz Zambrano. Kolonbiarra. Seguran bizi da.
  • Marianela Veintimilla Acuña. Quiton jaiotakoa, Ecuadorren. Arantzan bizi da.
  • Bonavie Rendon. Filipinarra. Ikaztegietan bizi da.
  • Marta Abiy Abegaz. Etiopiarra. Hondarribian bizi da.
  • Alejandra Andres. Buenos Airesen jaiotakoa, Argentinan. Aizarotzen bizi da, Basaburuan.
  • Hamida Cherfaoui Mostefaoui. Aljeriarra. Zumaian bizi da.
  • Loli Hernandez Paz. Hondurastarra. Gatikan bizi da.

Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka

Euskaldunak dira Karelys, Dahye, Cauria, Aurora, Marta, Hamida, Bonavie, John Bryan, Marianela, Paula, Alejandra eta Loli. Kuban, Hego Korean, Saharan, Nikaraguan, Etiopian, Aljerian, Filipinetan, Kolonbian, Ekuadorren, Portugalen, Argentinan edota Hondurasen jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Lekunberri, Lezo, Igorre, Leitza, Hondarribia, Zumaia, Ikastegieta, Segura, Arantza, Ondarroa, Basaburua eta Gatikan bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere hamaika Karelys, Dahye edo Bonavie ditugu gure artean, zorionez.

Gaztelera, hassaniera, arabiera, koreeera, portugesa edo amharera jaso dute etxean, besteak beste. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute eta ikasten ari dira, eta euskaraz aritu nahi dute herritarrekin.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako.

Ikus eskuorria

 

1