Albisteak
Atzealdea Santio jaien egitaraua aurkeztu du udalak
2019·07·15
Bihar (uztailaren 16an) hasiko dira postontzietan programa banatzen.
Pregoia, kirolari neskek
Aurten pregoia herriko kirolari neskek egingo dute, merezi dutelako eta egin duten ahalegina herriko plazan txalotu nahi dugulako. Saskibaloiko nesken taldeak urte batzuk baditu, baina asko kosta da beste talde batzuk ateratzea. Zorionez, azken urteotan nolabaiteko loraldi bat izan dugu: Emarri, eskubaloiko taldea, pilotako taldea, eskubaloiko taldea... Bide horretan mutilek izaten ez dituzten eragozpenak gainditu behar izan dituzte. Eta gainera, izugarrizko maila eman dute: Emarri markak hausten, Mundarroko eskubaloi taldeak udaberriko torneoa irabazi du eta futboleko neskak finalera iritsi dira... Bejondeizuela!
Egitaraua
- Aurreko asteburuan (uztailaren 20 eta 21ean) egitarau polita dugu, izan ere, uztailean egin ohi diren ekitaldi batzuk hor bildu ditugu: herri krosa, sardina jatea, kontzertua eta pilota jaialdia.
- Bazkari herrikoi ugari: haurrena, erretiratuena, gaztelekukoa, gazteena, marmitakoa, elkartasunekoa, Santa Anakoa....
- Jarduera anitzak: musika, kaleko ikuskizunak, kirol arlokoak, dantza, haur eta nerabeentzako jarduerak....
- Tradizioa (Santa Ana, herri kirolak, euskal dantza) eta gaurkotasuna (kontzertuak, kale ikuskizunak)
- Parte hartzeko aukera ugari: krossa, larrain dantza, saskibaloi txapelketa, gazte eta haur jolasak, bolo eta toka...... eta bazkariez gain dauden jarduera gastronomikoetan: sardina-jatea, hegaluze pintxoak, sagardo dastaketa...., baita ikusle edo entzule gisa egotekoak ere (Rojo Telonen zirko ikuskizuna, Jule kale antzerkia, Tio Teronen dantza ikuskizuna....)
- Estilo ugariko musika: txarangak -Pasai, Deiadar- eta musika ibiltaria -Rock kalean eta Cabaret-, erromeriak (Ilargi Beltza), kontzertuak (Modus Operandi eta Ana Lea & Maria Blessive DJak), edo dantzarako (Abiba diskofesta, Abba talde mitikoaren doinuak jotzen duen taldea, Laiotz), mariatxia, gazteek gainera txosnan eskaintza alternatiboa hainbat kontzerturekin.
Berrikuntzak
Aurtengo berrikuntza nagusia danborrada izan daiteke. Joan den iñauterietan Artzain eta Inudeen konpartsan danborrada egin zen eta partehartzaileak berotu eta jaietan danborrada antolatu dute. Izen-ematea martxa onean doa.
Barrakak eta txosna gunea
Feria, barrakak eta kaleko salmenta postu ibiltariak ohiko lekuan jarriko dira (Pelotari kalea eta Donostia ibilbidea ). Barrakek uztailaren 24 eta 29an prezio berezia izango dute (bidaia euro 1).
Txosnagunea ohiko lekuan jarriko da (Tomas Alba kalean). Gazte Asanbladak egitarau polita antolatu du eta udalarekin hitzarmena egin du, egitaraua, ordutegiak, garbitasun baldintzak eta abar adosteko eta finkatzeko.
Jai parekideak
Jai parekideak eta eraso sexistarik gabeak nahi ditugu, emakumeek Santioak askatasunez eta inolako jazarpenik gabe gozatu ahal izateko. Horren harira, hainbat iniziatiba jarri dira martxan: Lehenik, eraso sexisten atentziorako 24 orduko arreta zerbitzua honako telefonoan 638 206 586. Bigarrenik, “Sexu-bizi” sexologo/aholkularia uztailaren 24, 25 eta 27an. Hirugarrenik, “Beldur barik” gunea uztailaren 25ean (familiei zuzendua). Eta azkenik, hainbat herritarrek martxan jarri duten “Brigada Morea” ere sortu da, gauean herriko neskek etxerako bidea beldurrik gabe egin ahal izateko laguntza-zerbitzua (uztailaren 24, 26 eta 27an). Eraso edo jarrera matxistarik gabeko jaiak izan ditzagula!
Eskerrik asko
Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaiak antolatzen parte hartu duzuenoi eta jaietan borondatez zeuen denbora eta gogoa eskainiko duzuen talde eta herritarroi. Asko zarete egitarauan datozen jarduerak antolatzen dituzuenak. Zuen partehartzerik gabe ez legoke jairik. Eskerrik asko!
Ehun da ehun berrehun, aupa Astiarra!