Albisteak
Atzealdea Bernart Astiazaran Aleman izan da Gidabaimena Euskaraz sariaren Astigarragako irabazlea
2025·06·02

Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikastea eta azterketa euskaraz egitea bultzatu asmoz, Buruntzaldeko sei udalek (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) egitasmo bat garatzen dute urtero eskualdeko autoeskolekin lankidetzan. Egitasmo horren helburua eremu honetan ere euskararen erabilera sustatzea da.
Autoeskolek ahalegina handia egiten dute herritarrak animatzeko eta prestakuntza euskaraz emateko eta, Udalek, pizgarri moduan, aipaturiko azterketa euskaraz prestatu eta gainditzen duten Buruntzaldeko pertsonen artean 400 euroko sariak zozkatzen dituzte urtero. 2024 urtean Buruntzaldeko 9 autoeskolek hartu zuten parte egitasmoan eta guztira 10 sari zozketatu behar ziren, baina Lasarte-Orian parte-hartzerik egon ez denez eta Andoainen bakarra, 7 sari izan dira.
Datuak jasotzen hasi zirenetik, 2010etik, 1.300 lagun baino gehiagok gainditu du gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz Buruntzaldean, eta hori pozgarria da. Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira, nagusiki, D ereduan ikasi duten gazteak. Belaunaldi horiei eskolaz kanpoko jarduera hori ere euskaraz eskaintzea ezinbestekoa da, egunerokoan euskaraz aritzeko beste espazioa irabazten baitugu.
Era berean, Autoeskolen Federakuntza eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanari esker, iaz gidabaimena euskaraz prestatzeko material txukuna eta erakargarria argitaratu zen, eta lan horrek erraztu egingo du bidea hemendik aurrera. Hori bai, material hori guztia eguneratzen joan behar da, benetan erabilgarri izaten jarrai dezan.
Zozketa
2024an Gidabaimena Euskaraz programan parte hartu dutenen arteko zozketa egin zen maiatzean Hernanin. Bertan, Buruntzaldeko sei Udaletako ordezkari politikoak, teknikoak eta eskualdeko autoeskolen ordezkariak elkartu ziren.
Kontuan hartuta parte hartu duten herritarren jatorria, Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil, guztira bost kutxa jarri ziren aretoan eta kutxa bakoitzean herritarren txartelak sartu. Jarraian ordezkari politikoek atera zituzten herri bakoitzari zegozkion txartel kopurua (Andoain 1, Astigarraga 1, Hernani 3, Urnieta 1 eta Usurbil 1). Hauek izan dira irabazleak:
- Andoain: Zuriñe Barrante Ruiz.
- Astigarraga: Bernart Astiazaran Aleman.
- Hernani: Aimar Balenciaga Cia, Danel Manterola Miranda eta Maier Mutuberria Gutierrez.
- Urnieta: Olatz Urruzola Labaka.
- Usurbil: Jon Honich Iriberri.
2025eko kanpaina
2025eko kanpaina abian da. Ekimenaren informazio-euskarriak eskuragarri daude Erribera kulturgunean, kiroldegian, udaletxean eta Kultur Etxe zaharrean. Eskualdeko autoeskoletan, euskara.buruntzaldea.eus webgunean eta sare sozialetan ere aurki daiteke informazioa.
Udalak herritarrak ekimenean parte hartzera gonbidatzen ditu.
