Albisteak
Atzealdea 20:00etatik 21:00etara balkoietan musika jo edo jarri daiteke eta abestu daiteke
2020·03·22
Balkoietan 20:00-21:00 bitartean musika jo, musika jarri eta abestu daiteke
Koronabirusari aurre egiteko alarma egoera eta itxialdia dela eta, iluntzean ekimen politak sortu dira auzoz auzo, Astigarragan zein mundu zabalen, elkartasuna adierazteko, komunitate baten parte garela erakusteko, elkar animatzeko eta itxialdi luzean etenaldi bat egiteko.
20:00etatik 21:00etara, batzuetan, txalo jotzen diegu osasun arloko langileei egiten ari diren ahalegin eskerga aitortu eta eskerrak emateko; beste batzuetan, kazeroladak egiten dira, gauza baten alde egiteko edo beste bat gaitzesteko.
Musika jo, abestu eta musikaz alaitzen dira auzoak iluntzean. Komunitatea hor agertzen da balkoietara: haurrak, gaztetxoak, gurasoak, adinekoak… Elkartzen gaituen une bat da, horren zailak diren uneotan batzen gaituen tartea. Auzotar gehien-geihenek beren txalo eta oihuekin musika eta ekimen horien aldeko jarrera erakutsi dute egunez egun.
Atzo iluntzean, martxoak 21, bizilagun baten kexa jaso zuen Astigarragako Udaltzaingoak, Kale Nagusiko balkoietako musika eta abestiek sortzen zioten kaltea adieraziz. Hori ikusita Udaltzainek, prebentzio neurri gisa, auzotarrei eskatu zieten isiltzeko eta musika alde batera uzteko.
Gertakari horien berri izan eta gaia aztertu ondoren, honakoa argitu nahi du Astigarragako Udalak:
- Gai hori arautzen duen udal ordenantzaren 22 eta 45. artikuluek zehazten dituzte gisa horretako jarduerak (Hots kutsaduraren aurka babesteko udal ordenantza Astigarragako udalerrian), hala nola, etxebizitaren barruan nahiz kanpoan musika jo edo zarata egitea.
- Zarata horien mugak aipatutako artikuluetan daude finkatuta.
- Balkoietan musika jo, jarri, abestu edo bestelako elkartasun ekimenak (txalo zaparradak, kazeroladadak...) burutu ahalko dira betiere aipatutako mugak gainditzen ez badira.
- Isiltasuna gorde behar da 22:00-08:00 bitartean astegunez eta 22:00-10:00 asteburuz.
- Horrelako jarduera kolektiboek sor dezaketen zarata elkarri gehitzen zaionez, gomendatzen dugu itxialdian egiten diren musika, kantu eta bestelako ekimenak 20:00-21:00 bitartean egitea (nahiz eta berez aipatutako zarata mugak gainditzen ez diren bitartean egun osoan egin ahal izan), jarduera horiek eta bizilagunen atsedena uztartzeko.