Albisteak

Atzealdea Badator hitzez ekiteko garaia

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean burutuko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, Hitzez Ekiteko Garaia lelopean

2022·11·17


Bihar, ostirala, hasiko da aurtengo Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala. Euskaraldiaren hirugarren edizioaren bezperetan, buru-belarri dabil Astigarragako Euskaraldiko batzordea: txapa banaketa egiten ari da herrian.

Erronkak abiapuntu

Jakina denez, hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera zabaltzea du helburu Euskaraldiak. Hala, parte-hartzaile bakoitzak bere buruari jarritako erronka izango da ohitura aldaketen abiapuntu. Ekimenen sustatzaileek “erronka zehatzak” jartzeko proposamena luzatu dute, horietatik abiatuta euskarazko harremanak areagotu eta hizkuntza portaera berriak probatzeko: “norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eraginez”.

Jaialdia datorren igandean: Horma-irudia eta bertso saioa

Ostiralean hasiko da Euskaraldia eta igandean, azaroaren 20an, ospatuko da jaialdia Astigarragan. Goizeko 10:30ean emango zaio hasiera ekimenari.

  • 10:30ean Horma-irudia: Joseba Barandiaran Plazaren parean dagoen paretan, “Astigarragan Euskaraz” horma-irudi erraldoia margotzeari ekingo zaio. Udalak ahalik eta horma-irudirik parte hartzaileena osatu nahi du eta herriko eragile eta herritar guztiei luzatzen die deia; Astigarragan euskaraz bizitzeko autua denon artean eraikiko dugula irudikatzeko. Pau Figueres artistak gidatuko du margolana eta lehen brotxakadak AEKko ikasleek emango dituzte; euskara ikasteko herritarren ahalegina balioan jarri eta errekonozitzeko modu bat izango da. Edozein kasutan, egun osoan zehar izango dute herritar guztiek horma- margotzeko aukera.
  • 12:00etan Bertso-saioa: Alaia Martin eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak arituko dira kantuan bertso eskolako ikasleekin batera, Emakumeon plazan. Gaiak Agin Laburu herritarrak jarriko ditu.
  • Jarraian mokadutxoa: Saioaren ondoren, mokadutxoa izango da gerturatzen diren herritar guztientzat.

Izen-ematea eta txapa banaketa

Oraindik ere zabalik dago izena emateko epea. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek, datuak berretsi baino ez dute egin beharko. Eta partaide berriek, datu gutxi batzuk baino ez dituzte eman beharko.

Izena emateko bi aukera izango dira: internetez, Euskaraldiko webgunean formulario labur bat beteta edota nahiago dutenek txapa banaketarako herrian zehar jarriko diren mahaietan, bertan.

Aste honetan mahaia jartzen ari dira ariketan parte hartuko duten herritarrek euren ahobizi edota belarriprest txapa jaso dezaten. Gaur, 18:00etan, Kontxa Etxeberria plazan jarriko dute mahaia; eta igandean, 12:00etan, Joseba Barandiaran plazan.