Albisteak

Atzealdea Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira hainbat jarduera antolatu dira hurrengo astean

1
Astigarragako Udalak urriaren 26ko osoko bilkuran aho batez onartu zuen emakumearen indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionala, eta orain datorren asterako antolatu diren ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die herritarrei.

2021·11·18


Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaten Kontrako Nazioarteko Eguna da eta herriko eragile ezberdinek, ekimen ugari antolatu dituzte aste horretan zehar. Antolatzaileen artean ditugu Emakumeon Etxea, Udala, Xaguxar, Gazte Asanblada eta Gaztelekua.

Hasteko, azaroaren 23an, 19:30etan Carpe Diem Roxari laburmetrai emanaldia, eta ondoren solasaldia egingo dira. Laburmetraia herriko emakume gazteek egin zuten, eta bertan egongo dira solasaldian.

Azaroaren 24an, Joseba Barandiaran Plaza moreztatuko da, 18:00etan. Besteak beste, erailketa matxisten kontaketa hasi zenetik (2003tik) Euskal Herrian erail dituzten 121 emakume eta adin txikikoak omentzeko, euren oroimenezko txartelak eskegiko dira plazan. Horrez gain, Gaztelekuan eta Emakumeon Etxean tailerrak egingo dituzte aurreko egunetan, indarkeria matxistaren askotariko adierazpenekin txarteltxoak diseinatu, eta egun horretan eskegitzeko. Emakumeon etxeko kedada azaroaren 23an izango da, 18:30ean. Plaza moreztatzeko unean ere parte hartzeko aukera egongo da, momentuan mahaiak eta materiala egongo baitira bertan, herritarrei aukera emateko indarkeria matxistaren kontrako txarteltxoak egin eta eskegitzeko.

Azaroaren 25ean bertan, bi kontzentrazio egingo dira: 12:15etan Udalak deitutakoa (Udaletxe aurrean), eta 19:00ean Emakumeon Etxeak deitutakoa (Joseba Barandiaran Plazan). 20:00ean manifestazio isila egingo da. Joseba Barandiaran Plazatik hasita, herrian zehar ibilbidea egingo da oinez.

Azaroaren 26an, 19:00ean Foru Plazan, Evaren alabak izeneko kale antzerkia ikusteko aukera egongo da.

Amaitzeko, azaroaren 27an 19:00ean Erribera Kulturgunean, Emakumeak izeneko diziplina anitzeko ikuskizuna eskainiko da. Azken hori El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratu eta omentzeko proiektua da, eta dokumentala, eleberri grafikoa eta dantza garaikideko pieza batek osatzen du.

1