Albisteak
Atzealdea Azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna
2025·11·25

Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako. Duela aste batzuk Zarautzen beste erailketa matxista baten berri izan genuen, gure babesa adierazi nahi diegu senide eta gertukoei. Erailketa honek berriz ere mahai gainean jartzen du indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gure gizartean, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Analisi feministak azpimarratzen du indarkeria horrek sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria, izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan.
Horrenbestez, guztion ardura da horri aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, gobernantza femisnita oinarri.
Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuagoa, bizigarriagoa eta askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, mugimendu feminista eredu hartuta.
Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina hauek ez dute ezertarako balio, politika horiek garatzeko aurrekontu eta baliabide teknikoak jartzen ez badira. Oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan.
Lehen mailako arazo sozial honen aurrean askotarikoak dira erakundeetatik gara genitzakeen ekimenak, prebentziotik hasita erreparazioraino. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak herri eta auzoetan indarkeria matxistari aurre egiteko ditugun baliabide, tresna eta aukeren inguruan abiatu duen hausnarketa prozesua aintzat hartu eta honekin lerrokatuta, gurean ere protokoloen inguruko hausnarketa prozesu bat abitzeko beharra dugula deritzogu, protokoloak egokitzeko eta hobetzeko eta gauzatzeko behar diren baliabideak eskaintzeko. Deskoordinazioak eta ardura ez hartzeak, babesaren kontzeptua ahultzen du eta ardura emakumeen bizkar uzten du. Indarkeria matxistaren ardura ezin zaio inoiz biktima den emakumeari jarri.
Protokolo hauek elkarlanean eta koordinazioan garatu behar dira, erasoa jasandako pertsonaren beharrak erdi-erdian jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, inola ere berriz biktimizatu gabe. Erantzunak integrala behar du izan. Prebentzioan eta heziketan egiten dena baino gehiago egin behar da. Eta dudarik gabe, aurrekontuetan isla zuzena izan behar du hitzez aldarrikatzen den orok.
Eta horregatik, Astigarragako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Udal aurrekontuetan berdintasun-arloan igoerak aplikatzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Indarkeria matxistari aurre egiteko udal mailako protokolotik abiatuta, erakunde arteko protokoloa egiteko konpromisoa hartzen dugu, elkarlan eta koordinazioan sakonduz.
- Protokolo horri behar diren baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartzen dugu, jarraipen, ebaluazio eta berrikuspen egokiak egiteko, ikuspegi feminista eta parte hartzaile batetik, bereziki erreparatuz indarkeria matxistaren biktimen erreparazioari.
- Prebentzioari eta hezkuntzari dagokionez, hezkidetzako diagnostikoa amaitzearekin batera herri mailako Hezkidetza Plan Integrala gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzeko konpromisoa hartzen dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko.
- Mugimendu feministarekin eta emakumeen mugimenduekin lankidetza estutzeko konpromisoa hartzen dugu, indarkeria matxisten aurrean ahalduntzeko eta ekintza feminista kolektiborako funtsezko espazioak baitira.
- Azaroaren 25ean Mugimendu Feminisitak deitutako mobilizaizoekin bat egiten dugu eta astigartarrei dei egiten diegu bat egin eta parte har dezaten.
Astigarragako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpena
