Albisteak
Atzealdea Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna
2024·11·18
Azaroaren 25a emakumeon aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna denez, hainbat ekintza antolatu dira Astigarragan. Ekintza hauek Udalak eta herriko hainbat eragilek, Emakumeon Etxea, Astigarragako Gazte Asanblada, Xaguxar eta Gaztelekua, osatutako berdintasun mahai txikian adostu dira.
Astigarragako indarkeria matxistari buruzko datuak aztertuta, aurten adingabeengan jarri nahi dugu arreta. 2023ko datuen arabera, Astigarragan indarkeria matxista jasan zuten emakumeen % 75ek adingabeak ditu ardurapean. Gauzak horrela, asko kezkatzen gaitu indarkeria matxistak haur, nerabe eta gazte horien ongizatean duen eraginak. Eta, gainera, tartean adingabeak daudenean, indarkeria matxista normalizatzeko arriskua handitzen da. Hori horrela, datozen egunetarako antolatutako jarduerak oso lotuta egongo dira genero indarkeriarekin eta adingabeekin.
Azaroaren 22an, 18:30ean, Emakumeen Etxean kafe tertulia bat egingo da indarkeria bikarioari buruz, hau da, seme-alabak emakumeari min egiteko erabiltzen dituen indarkeria motari buruz. Bestalde, indarkeria matxista desagerrarazteko, ezinbestekoa da erasoak identifikatzea; izan ere, egunerokoan bizi ditugun jokabide edo egoera asko oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira eta eraso gisa identifikatzea garrantzitsua da. Horregatik, azaroaren 22an, nerabeentzako indarkeria matxista identifikatzeko saio bat egingo da Gaztelekuan, 17:30etik aurrera.
Emakumeon aurkako indarkeria matxista gaitzesteko borrokarekin bat eginez, azaroaren 25ean, 12:15ean, elkarretaratzea egingo da udaletxearen aurrean. Arratsaldean, 16:45ean, haur eta nerabeentzako txapa tailerra, Erribera kanpoan. Ondoren, 18:30ean, manifestazioa abiatuko da Erriberatik Emakumeon plazara. Manifestazioaren leloa "ez bazara konponbidea, arazoa zara" izango da.
Jarduerekin amaitzeko, azaroaren 26an, 18:30ean, Emakumeon Etxean, Sortzen aholkularitzako Sheila Melcon Lopezek hitzaldia emango du genero indarkeriak seme-alabengan duen eraginari buruz.