Albisteak

Atzealdea Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna

1
Herriko eragileek azaroan zehar hainbat ekintza antolatu dituzte Udalarekin batera indarkeria matxista identifikatzeko, hari aurre egiteko eta hura gaitzesteko tresnak lortzeko.

2023·11·07


Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna denez Astigarragako herriak gai horren inguruko hainbat ekintza antolatu ditu. Antolatzaileak herriko hainbat eragile izan dira, hala nola, Emakumeon Etxea, Udala, Gaztelekua, Xaguxar, Gazte Asanblada eta Harituz elkarteak.

Indarkeria matxista errotik mozteko ezinbestekoa da erasoak identifikatzea; izan ere, egunerokotasunean bizi ditugun jokabide edo egoera ugari oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira eta eraso moduan ez identifikatzeak, jarrera horiek baimentzea, errepikatzea eta iraunaraztea dakar. Gainera, geroz eta indarkeria mota gehiago dauzkagu egun, testuinguru eta modu anitzetan gauzatu daitezkeenak. Konplexutasun horretan, erasoak identifikatzen ikasteko baliabideak eta tresnak lortu ahal izango dira, azaroaren 10ean eta 11n, Emakumeon Etxean antolatu duten Autodefentsa feminista tailerrean. Izena ematea beharrezkoa da.

Xede berari jarraituz, Gaztelekuan ere nerabeek azaroak 11tik eta 25era erasoen panelaren bidez, indarkeria egoerak identifikatzeko dinamikak egingo dituzte.

Horretaz gain, indarkeria jasaten dutenean emakumeek dauzkaten aukerei eta beharrei buruz arituko dira azaroaren 21ean egingo den mahai-inguruan. Bertan, ikuspegi juridikotik emakumeek dauzkaten aukerei buruz arituko dira eta emozioetatik abiatuta dauzkaten beharrak landuko dira. Horretarako Garazi Plazaola Ugarte abokatua, Aloña Oiartzabal Zapirain psikologoa eta Pilar Carrere Barbarin “Mariren alabak” elkarteko arduraduna izango dira bertan. Moderatzaile-lanetan Sara Majarenas Ibarreta arituko da. Mahai-ingurua euskaraz izango da, eta aldi bereko itzulpena egingo da gaztelaniara.

Emakumeon aurkako indarkeria matxista gaitzesteko helburuarekin, azaroaren 24an, 12:15ean, elkarretaratzea egingo da udaletxe aurrean eta azaroaren 25ean, 12:30ean, manifestazioa izango da Erriberatik abiatuta Emakumeon Plazaraino.

Amaitzeko, azaroaren 26an “Ellas hablan” pelikula emango da Erriberan. 2023an film luze onenaren Oscar sarirako izendatutako hamar filmetako bat izan zen eta gidoi egokitu onenaren Oscar saria irabazi zuen. Zibilizaziotik isolatutako kolonia erlijioso batean bizi den eta abusuak jasan ondoren beren bizitzak berreskuratu nahi duen emakume talde baten istorio liluragarria kontatzen du.

1