Albisteak

Azaroak 25: Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Astigarragako Udalak Adierazpen instituzionala onartu du Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, eta herritarrei dei egiten die gaur egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

2020·11·25


Astigarragako Udalaren Adierazpen Instituzionala: Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da, eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean aldarrikatzeko eguna. Horregatik, egun honetan erakunde publikook, borroka horretan dugun lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu. Beraz, Astigarragako Udalak honako adierazpen instituzional hau aurkeztu nahi du, Osoko Bilkuran eztabaidatu eta ondoren onartzeko.

COVID-19ren pandemiak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri ditu, pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta komunitate-bizitzari erronka handia jarriz. Mundua ulertzeko eta bertan egoteko dugun modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte, beren gordintasun osoz, indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoera oso ahulak.

Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dugu beren etxeetan, lanetan eta bizi-espazioetan bizirik irauteagatik indarkeriari aurre egiten ari diren emakume eta neskengan. Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraitu behar dugu.

Horregatik, aurten Euskal Herrian hildako lau emakumeak gogoratu nahi ditugu bereziki gaur, bi EAEn eta beste bi Iparraldean. Errealitate mingarri horrek gizarte gisa interpelatu egiten gaitu, lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko konpromisoa hartzeko. Lanean jarraitu behar dugu errealitate sozial larri honen aurrean, eta erakundeok erantzukizun berezia dugu horretan. Inoiz ez bezala zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak izateko, emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomiaprozesuetan laguntzeko garaia da. Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzeko baldintzak jartzea, eta gure herriak eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indartzea.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

  1. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko. Besteak beste, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko egungo egoerari egokitutako jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala...
  2. Behaketa hobetzea, indarkeria-egoeretan dauden emakumeen forma eta profil berriak hautemateko eta horien aurrean azkar jarduteko.
  3. Erakundeen, udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzen du, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jartzeko, beren eskumenen esparruan.
  4. Genero-ikuspegia txertatzea enplegu-galerak, diru-sarrerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan, zeinak eragin handiagoa izan duten emakumeengan, eta oztopo diren indarkeria matxistako egoeretatik ateratzeko.
  5.  Astigarragako Udal honek, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako (eta egungo egoerari egokitutako) jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
  6.  Astigarragako Udal honek, nerabeei eta gazteei zuzendutako eta egungo egoerari egokitutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.
  7. Astigarragako Udal honek pandemiaren garaian sortu ziren tokiko zaintza-sareak babestuko ditu, bai eta, oro har, herri-kolektiboen lana ere, indarkeria matxisten inguruko prebentzio eta sentsibilizazioko ekintza komunitarioak indartzeko eta bultzatzeko, egungo egoerara egokituta. Halaber, COVID19ren krisiak emakumeen pobretzean eta kalteberatasunean duen eragina aztertuko du, laguntza-jarduera espezifikoak diseinatu ahal izateko.
  8. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan. Halaber, astigartarrei dei egiten diegu arazoaren 25ean udaletxeko atarian egingo den elkarretaratzean parte hartzera eta bat egiten du herriko mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioekin.
  9. Astigarragako herriaren sarreretan “Astigarraga indarkeria matxistaren aurka” testua duten seinaleak jarri zituen Udalak duela urtebete inguru. Hirugarrenez, norbaitek seinale horietako baten testua pinturaz ezabatu du, astigartarron nahi eta borondateari eraso eginez. Aurreko bi erasoetan bezala, hirugarren honen aurrean ere irmo adierazi nahi dugu Astigarragako Udalaren salaketa, adieraziz ez dugula etsiko indarkeria matxistaren aurkako borrokan, indarkeria horren jokamoldea edozein izanik ere.