Albisteak

Atzealdea Azaroak 20: haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna

Azaroaren 21-22ko asteburuan hainbat jarduera antolatu dira haur eta nerabeen eskubideak aldarrikatzeko eta ospatzeko. Astigarragako haur eta nerabeen ongizateari lotutako zerbitzu, ekimen eta jarduera guztiak Geriza markaren barruan kokatzen dira.

2025·11·20


1989ko azaroaren 20an, Nazio Batuek Haurren Eskubideen Konbentzioa onartu zuten, eguna ospatzeko eta omentzeko. Konbentzio hori mugarri garrantzitsua izan zen haurren eskubideetan, eta nazioarteko hitzarmenak egin ziren bizitzari, osasunari eta hezkuntzari, jolaserako eskubideari, familia-bizitzari, indarkeriaren eta diskriminazioaren aurkako babesari eta haien iritziak entzuteari buruz.

Udalak haurren eta nerabeen ongizatearekin konprometitutako gizartea aldarrikatu eta indartu nahi du. Izan ere, haurrak eta nerabeak errespetatzen dituen eta haien eskubideak betetzen dituen gizartea bizigarriagoa da guztientzat. Horregatik, azken urteotan Udalak hainbat jarduera eta ekimen bideratu ditu herriko adingabeen ongizatea bermatzeko. Hortik jaio zen Geriza izeneko marka, beraz, azaroaren 20an aldarrikatzen diren eskubide horiekin lotura zuzena du. Gerizaren bidez, zuhaitz baten magalean sentitzen dugun leku segurua, babesa, eta itzala irudikatzen dugu. Herri oso baten geriza eskaintzen duena kimu berri eta hosto gazteentzat, ingurune segurua eta zaindua. Horrela, Gerizaren babespean kokatuko dira Astigarragako haur eta nerabeen ongizatearekin lotuta eskaintzen diren zerbitzu, ekimen, proiektu eta programa guztiak. Eta noski, baita azaroaren 20aren bueltan antolatu direnak ere.

Egitaraua

Udaletxeko balkoian zintzilikatuko den lonak aditzera ematen duen bezala, gure haur eta nerabeen aldeko aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditugu. Horretarako, Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 21-22ko astebururako. Jarduerak adin-tarte desberdinei zuzenduta egongo dira eta guztiak Kontxa Etxeberria plazan izango dira:

Azaroak 21

  • 21:00-23:00: Nerabeei zuzendutako DJ KI

Azaroak 22

  • 11:00-14:00: talo eta buztin tailerrak, aurpegia margotzeko txokoa, bike ibilbidea eta jumping-a.
  • 17:00etatik aurrera: Txikifesta

Oinherri

Astigarragako Udala Oinherri herri hezitzaileen sareko kide da. Oiherrik azaroaren 20a, haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna dela eta, haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratu du, eta Astigarragako Udalak bat egin du horrekin.

Haurren eta nerabeen eskubideen zerrendan 54 jasotzen badira ere, Oinherritik 10 hauek ekarri nahi izan dituzte lehen planora:

  • Diskriminaziorik eza
  • Haur desgaituen eskubideak
  • Jasotzen ditugun hezkuntzak izan beharreko ezaugarriak
  • Iritzia emateko eta entzunak izateko eskubidea
  • Elkartzeko eskubidea
  • Lan arriskutsuaren eta lan esplotazioaren aurkako babesa •
  • Jokorako eta atsedenerako eskubidea
  • Intimitaterako eskubidea
  • Indarberritzea eta gizarteratzeko eskubidea
  • Gurasoen/arduradunen erantzukizuna eguneroko arretan