Albisteak

Azaroak 10: Memoria Historikoaren Nazioarteko Eguna

1
Osasun egoera dela eta, ez da Memoriaren Eguneko ekitaldirik egingo aurten, baina Udalak gogora ekarri nahi ditu Estatu Indarkeria jasan zuten lau astigartarrak eta haien senideei elkartasuna adierazi, ezin baita etorkizunik eraiki iragana ezagutu eta erreparaziorik egin gabe.

2020·11·10


Euskal Herriko gatazkari lotutako indarkeriaren biktima guztiak oroitzeko eguna da gaur.

Udalak herrian ditugun lau biktimak oroitu nahi ditu eta senide eta lagunei gertutasuna eta elkartasuna adierazi:

  • Joseba Barandiaran Urkola: 1978ko uztailaren 11n German Rodriguez hil izana salatzeko manifestazioan polizia armatuak su-armaz erahila. Bere oroigarria Pelotari kalean dago.
  • Tomas Alba Irazusta: 1979ko irailaren 28an Batallon Vasco Españolek Astigarragan su-armaz erahila. Bere oroigarria Kale Nagusian dago.
  • Bixente Perurena Telletxea: 1984ko otsailaren 8an GALek Hendaian beste kide batekin batera su-armaz erahila. Bere oroigarria Perurena auzoan dago.
  • Agustin Irazustabarrena Urruzola "Legra": 1985eko irailaren 25ean Baionako Monbar hoteleko tabernan beste hiru errefuxiaturekin batera GALek su-armaz erahila. Bere oroigarria Foru plazan dago.

Hala nola, biktima guztien memoriarako 2019. urtean Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu zen Murgia parkeko muinoaren gainean.

Osasun egoerak ahalbidetzen badu, urteroko oroimen ekitaldia abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, egingo da.

1