Albisteak

Atzealdea Autobus zerbitzuari buruzko bilera irekia herritarrekin uztailaren 7an

1
Udalak bilera irekia egingo du herritarrekin Foru Aldundiak martxan jarri duen autobus zerbitzu berriari buruz. Bilera izango da uztailaren 7an (datorren asteazkenean), 18:30ean, Erribera Kulturguneko antzokian.

2021·07·05


Zerbitzu berria, murrizketak eta lehen egunetako gorabeherak

Uztailaren 1ean martxan jarritako autobus zerbitzu berriarekin Foru Aldundiak bidaia kopuruan %20ko murrizketa egin du Astigarragako zerbitzuan eta herri barruko geltokiak kendu ditu. Horrekin batera, lehen egunetan gorabehera ugari izan dira, zerbitzuek ordutegia ez dute bete eta astigartarrek kalte ugari jasan dituzte.

Mozioa eta Udalaren eskaera Foru Aldundiari

Udalak 2021-06-29ko Osoko Bilkuran mozioa onartu zuen, Foru Aldundiari eskaera hauek eginez:

  • Astigarragako zerbitzuetan murrizketarik ez aplikatzea eta, areago, baliabideak handitzea, biztanle kopuruaren hazkundeari eta astigartarren eskariari egoki erantzuteko.
  • A2 (zerbitzu berrian BU13) linearen maiztasuna handitzea eta 20 minutuerokoa izatea.
  • A1 (zerbitzu berrian BU12) linearen maiztasuna orain artekoa izatea, hau da 30 minutuerokoa izatea eta Astigarragako herri barruko geltokiak ez kentzea.
  • Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Astigarragako Udalaren arteko lan mahai bat sortzea, Astigarragako garraio publikoa hobetzeko beste aukerak aztertzeko (dBusen 26 eta 35. lineak Astigarragara luzatzeko aukera).

Bilera irekia herritarrekin, uztailaren 7an

Zerbitzu berriaren inguruko ezinegona, kezka eta kexak nabarmenak dira. Hori dela eta, Udalak bilera irekia antolatu du herritarrekin. Bilera izango da uztailaren 7an (datorren asteazkenean), 18:30ean, Erribera Kulturguneko antzokian.

Bileraren helburua da, batetik, zerbitzu berriaren balorazioa egitea (murrizketak, zerbitzua martxan jartzeko modua, lehen egunetako gorabeherak...) eta, bestetik hurrengo urratsei buruz hitz egitea.

1