Albisteak

Atzealdea Autobus zerbitzuari buruzko batzar irekia, urriak 5

Udalak batzar irekia deitu du Foru Aldundian izandako bileran autobus zerbitzuaren inguruan jasotako erantzunak eta informazioa herritarrei jakinarazteko, hurrengo astelehenean, urriak 5, 19:00etan herri eskolako aretoan batzar irekia egingo du.

2020·10·01


Astigarragan garraio publikoaren zerbitzua eskasa dela ez da berria, aspaldiko kontua da. Herritarrak oso kezkatuta eta haserre daude gai honekin. Herritar ugarik erabiltzen du autobusa lantegira joateko, medikuarekin duen hitzordu batera joateko, etab. Zerbitzuaren egoera kaskarrak ezinegona sorrarazten du herritar askorengan.

Udal Gobernuari ere kezka eragiten dion gaia da. Hori dela eta, alkatetzan sartu zenetik zenbait bilera eskatu ditu Foru Aldundian gai hori jorratzeko. Azken bilera, martxoan egitekoa zena covid-19aren pandemiak geldiarazi zuen eta irailaren 17an gauzatu zen.

Bitarte horretan, bereziki udarako hilabeteetan, Udalak herritarren kexa ugari jaso ditu autobusaren egoera eta zerbitzua dela eta: aire egokituarekin arazoak direla, autobusa zegokion orduan ez dela pasa eta ez dutela ordezkorik jarri, pertsona batzuk paradan gelditu direla sartu ezinik, besteak beste. Udalak kexa horiek guztiak Lurraldebus enpresara eta Foru Aldundira bideratu zituen.

Iraileko bileran, kexa horiek jarri zituen Udalak mahai gainean, eta beste zenbait kezka eta zalantza plazaratu zizkion Garraio Diputuatuari. Herritarrei jasotako erantzunen eta informazioaren berri emateko Udal Gobernuak bilera ireki bat eskainiko du.

  • Eguna: Urriak 5, astelehena
  • Ordua: 19:00etan
  • Lekua: Herri Eskolako aretoa