Albisteak

Atzealdea Autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataformaren mozioa aho batez onartu du plenoak

Mozioak Foru Aldundiari eskatzen dio BU12 autobusaren ibilbidea eta maiztasuna lehengoratzeko, BU13 linea 15 minutuko maiztasunera igarotzeko eta Astigarraga ospitaleekin eta unibertsitateekin lotzeko beste linea aukera batzuk aztertzeko eta epe laburrera ezartzeko.

2021·10·28


Urriaren 26ko Osoko Bilkuran Autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataformaren mozioa onartu zen, aho batez, EH Bilduren eta EAJ/PNVren aldeko botoekin (PSEko zineogtzia ez zen bilkurara bertaratu).

Lehendabizi, alkateak plataforma ordezkariei hitza eman zien, mozioa azaltzeko. Horren ondotik, udaltaldeek beren botoa azaldu zuten.

Xabier Urdangarinek adierazi zuen EH Bilduko udaltaldeak baiezko botoa emango ziola mozioari, udalak orain arte (ekaineko mozioan, foru aldundiari bidalitako idatzietan edo Batzar Nagusietako joan den asteko agerraldian) egin dituen eskariekin bat datorrelako erabat. Nerea Zusberro adierazi zuen EAJ/PNVko udaltaldeak baiezko botoa emango zuela, garraio publikoa hobetzearen alde beti egin dutelako.

Mozioa onartu ondoren, amaitzeko, bi hitz egin zituen alkateak. Adierazi zuen bat eginda jarduteko unea dela (herritarrak, udala, alderdi politikoak) eta denok egin behar dugula ahalegin osoa. Alde horretatik, alkate gisa, dei egin zien Astigarragako EH Bilduri, EAJ/PNVri eta PSEri, Astigarragan eta Foru Aldundian, udal gobernuan edo oposizioan egon, ahalegin osoa egiteko, bakoitzak bere alderdian Astigarragako Udalaren eta astigartarren eskaerak mahai gainean jartzeko eta irtenbideak eskatzeko.

MOZIOA, AUTOBUS ZERBITZU PUBLIKO DUINAREN ALDE

Osoko Bilkurak urriaren 26an aho batez onartua.

Mugi Astigarraga autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataformak honakoa gogorarazi nahi dio Astigarragako Udalbatza osoari:

  • Astigarraga asko handitu dela eta oraindik ere handituz jarraituko duela.
  • Astigarragak duen garraiobide publiko bakarra autobusa dela.
  • Astigarragaren hazkundearen ondorioz azkeneko urteetan autobus zerbitzua oso kaskarra izan dela eta erabiltzaile asko gelditu izan garela maiz autobusera igo ezinik, leku faltagatik.
  • Astigarraga Donostiarekin mugakide dela, eta zerbitzu ugaritarako ezinbestean jo behar dugula hiriburura, Hernani ez den beste edozein lekutara joateko tarteko geltoki gisa.
  • Astigarraga dela ospitaleetarako zuzeneko linearik ez duen eskualdeko herri bakarra.
  • Erakundeek nahiz herritarrok bat egiten dugula ingurumena eta zerbitzu publikoak babesteko nahiarekin.

Hori kontuan izanik, ondorengo mozioarekin bat egiteko eskaera egiten diogu Astigarragako Udalbatzari:

MOZIOA

1. BU12 eta BU13 lineak bi zerbitzu desberdin dira, funtzio eta erabiltzaile desberdinak dituztenak.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 13az geroztik ezarritako ordutegi eta maiztasunak ez dira nahikoa paper gainean idatzita dauden moduan, eta gainera, ordutegi eta maiztasun horiek ez dira behar bezala betetzen ari.

3. Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari bere eta plataformaren izenean aho batez eskatzea honakoak:

  • BU12 autobusaren ibilbidea (geltokiak) eta maiztasuna lehengoratzeko.
  • BU13 linea 15 minutuko maiztasunera igarotzeko eta, bidaiari gehieneko orduetan, errefortzuak edo autobus bikoitzak bermatzeko.
  • Astigarraga Buruntzaldearekin eta Donostiarekin (ospitaleak eta unibertsitatea) lotzeko beste linea aukera batzuk aztertzeko eta epe laburrera ezartzeko.
  • Zerbitzuetan izandako gorabeherak jaso eta egin beharreko moldaketa eta aldaketei berehalakoan erantzuteko.