Albisteak
Atzealdea Autobus zerbitzu duinaren aldeko plataformako kideak irailaren 28ko plenora bertaratu ziren beren eskaerak azaltzera
Plataformak bere eskariak azaldu zituen eta adierazi zuen 1870 sinadura bildu dituztela
2021·10·01
Mugi Astigarraga, autobus zerbitzu duinaren aldeko plataformako kideak Astigarragako Udalak irailaren 28an egindako osoko bilkuran izan ziren. Osoko bilkurako azken puntuan alkateak hitza eman zien bertaratu ziren herritarrei. Plataformako ordezkariak adierazi zuen dagoen autobus zerbitzuak ez dituela herriak dituen beharrak asetzen, BU12 eta BU13 lineek oso zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituztelako eta erabiltzaile erabat ezberdinak dituztelako. Gaineratu zuen ezin direla alderatu eta onartezinak direla BU12 zerbitzuak izan dituen murrizketak, bai ordutegietan, bai geltokietan. Bestalde, herrian bildutako 1870 sinadurak irailaren 27an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako egoitzan aurkeztu dituztela gehitu zuen. Horrekin batera, plataformaren eskaeren berri eman zuen, laburbilduz: 1. Murrizketak ez dira onargarriak ez lineetan eta ez geltokietan eta 2. Buruntzaldeko gainerako herrietan bezala, Astigarragak ospitaleetara eta fakultateetara joateko linea bat behar du. Amaitzeko, Plataformako ordezkariak EH Bildu, EAJ/PNV eta PSEko udaltaldeei eskatu zien euren eskariekin bat egin eta mozio bateratu bat dostu eta lantzeko eta zerbitzu duin bat lortzeko ahalegin osoa egiteko. Xabier Urdangarin alkateak adierazi zien benetan eskertzekoa dela plataformak egindako lana, sinadura bilketarekin lortu delako Astigarragan inoiz lortu den kopururik handienetakoa. Gehitu zuen sinadura bilketaren emaitzak argi erakusten dituela astigartarren ezinegona eta astigartarren eskariak eta Udalak bat egiten duela plataformaren eta astigartarren eskariekin, ekainean onartu zuen mozioak agertzen duen bezala eta Foru Aldundiari behin eta berriz bidalitako idatzietan agertzen den bezala. Alkateak konpromisoa agertu zuen lanean jarraitzeko herritarekin batera autobus zerbitzu egoki bat lortzeko eta, plataformak eskatu bezala, mozio bateratu bat babesteko. EAJ/PNVko bozeramaile Nerea Zusberrok adierazi zuen Astigarragan garraio publikoa hobetzeko neurrien alde egingo dutela lan eta prest agertu zen plataformak aipatutako mozio bateratua aztertzeko eta bat egiteko.