Albisteak
Atzealdea Aurten ere martxan da 'ZiRRara' sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua
2024·02·06
‘ZiRRara’ Astigarragako sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua 16 urtetik gorako herritar orori zuzenduta dago eta sexualitateari buruz dauzkagun zalantzak eta kezkak argitzeko helburua izateaz gain, norkbere sexualitatea garatzeko eta miatzeko espazioa ere bada. Iazko azaroan abiatu zuen zerbitzu hau Udalak eta Ainhoa Aira Calero da zerbitzuko arduraduna. Ainhoa pedagogian graduatua, sexu-hezitzailea eta berdintasunerako hezkuntzan aditua da.
Ainhoa Aira Calerok dioenez “sexu eta bikote aholkularitzaren beharrik ez dugula uste izaten dute askok, zerbitzuan lantzen diren gaiei buruzko ezezagutzagatik, norbere erresistentziengatik edo lotsagatik”; zerbitzu hori edozeinentzat interesgarria izan daiteke, ordea, eta adibide gisa honako kolektiboak nabarmendu nahi izan ditu Ainhoak: “haur eta nerabeen garapen sexualean dihardutenak, gazteak, bikoteak edo gorputzaren eraldaketa prozesuan murgilduta daudenak”.
Gurasoak edo hezitzaileeak seme-alaben edo haur eta nerabeen garapen sexualean eta sexu-heziketan berebiziko ardura dute eta bide horretan sortzen diren kezkak argitzeko egokia izan daiteke ‘ZiRRara’ zerbitzua. Pornografia, sare sozialak edo egunerokoan seme-alaben jarrerengatik izan ditzakegun galderak landu daitezke zerbitzu honetan.
Gazte askok zerbitzu honen beharrik ez dutela uste dezaketen arren, gazteentzat ere oso onuragarria izan daiteke autoestimua lantzeko, norkbere gorputza ezagutzeko eta autoerotika garatzeko, identitate eta orientazioarekin lotutako kezkak konpartitzeko, harreman eredu berriak eraikitzen hasteko espazioak arakatzeko edo polimaitasuna miatzeko. Gazteen kasuan gainera aholkuak jaso ditzakete sexu-praktika osasuntsuei (infekzioak edo haurdunaldiak saihesteko) edo ‘sexting’-praktika seguruei buruzkoak.
Bikoteen kasuan landu daitezkeen gaiak beharren araberakoak dira, esate baterako, monotoniatik ateratzeko estrategiak, konbibentzia gatazkak edo coitoarekin lotutako ohiko zailtasunak (eiakulazioa, zakilaren tentetzea, baginismoa, desio bajua, anorgasmia...).
Gainera egoera anitzetan gerta dakiguke gure gorputzaren eraldaketak bizitzea: gaixotasun larri batean murgilduta zaudelako edo dagoeneko gainditu duzulako, haurdunaldian edo erditze ondoren, klimaterioan, menopausian edo zahartzaroan. Gorputzaren eraldaketa prozesuak trantsizio egoerak dira, zeinetan norkbere gorputzarekin eta plazerrarekin birkonektatu beharra daukagun eta eraldaketa horietan gure erotika eta harremantzeko erak egokitzea ezinbestekoa da. Lanketa horien bidelagun izan daiteke ‘ZiRRara’ zerbitzua.
‘ZiRRara’ zerbitzua erabili nahi duten herritarrek aurrez aurreko arreta jaso ahalko dute asteazkenero Kultur Etxe Zaharreko behe solairuan, 16:00etatik 19:00etara. Beharrezkoa da aldez aurretik txanda hartzea, zirrara@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 747493457 zenbakira deituta. Gainera kontsultak online ere egin ahalko dira zirrara@astigarraga.eus helbidean edo 747493457 telefonoan (Whatsapp bidez). Zerbitzua doakoa eta konfidentziala da.
‘ZiRRara' zerbitzuaren aurkezpen-saioa otsailaren 7an
‘ZiRRara' Astigarragako sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuari buruzko informazioa emango da otsailaren 7an, 18:00etan, Emakumeon Etxean izango den aurkezpen-saioan. Hizlari gisa aholkularitza zerbitzuaz arduratzen den Ainhoa Aira Calero arituko da. Ez dago izena eman beharrik.