Albisteak
Atzealdea Aurrera darrai haur eta nerabeen gurasoei zuzenduriko hitzaldi-zikloak
2023·01·25
Azaroan eman zitzaion hasiera haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi-zikloari. Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan ondu du 2022-2023 ikasturteari begirako programa.
Sexu-heziketaren alorra landu ostean, ingurune-digitalaren esparrua jorratuko da datozen hilabeteetan. Hala, urtarriletik martxora bitartean, 3 hitzaldi izango dira, guztiak ere sare sozialen eta heziketa digitalaren ingurukoak. Saio guztiak doakoak eta euskaraz izango dira.
- Bideojokoak: Arriskua eta prebentzioa- Urtarrilak 25, 17:30-19:15
Urteko lehen saioan, bideojokoen arriskuez eta prebentzioaz hitz egingo du Macsonrisas etxeko Julen Linazasoro adituak. Bideojoko eta online plataforma ezagunenen edukiei buruzko errepasoa egingo da eta arriskuen aurrean prebentzioa nola landu aztertuko da; adin-gomendiak ematearekin batera, heziketa-irizpide orokorrak eskainiko dira. Bideojokoen kontrol eta ezarpen aukeren berri ere emango da.
- Ingurune seguruak eta babes eremuak- Otsailak 23, 18:30-20:00
Otsailean, TrebaGurasoak programaren baitako hitzaldia eskainiko du Izaskun Lópezek. Hitzaldiaren helburua seme-alabentzako ingurune seguruak eta babes eremuak sortzen laguntzea izango da. Balizko egoerak hautematetik, jazarpen egoerak edo bullying kasuak identifikatzeko gakoak eskainiko ditu Lópezek. Haur eta nerabeen hezkuntzan familiaren babes-funtzioak duen garrantziaz hausnartuko da saioan.
- Jazarpen digitala- Martxoak 22, 17:00-18:45
Azkenik, martxoko saioan jazarpen digitalaren gaia jorratuko da. Zer da bortizkeria digitala? Galdera horri tiraka, bortizkeria digitala nola ematen den ikusiko da. Bortizkeria ziberjazarpena noiz bihurtzen den, zergatik eta nola ematen den aztertuko da; halako egoera bat jasateak dakartzan ondorioak ere izango ditu hizpide Macsonrisas etxeko Julen Linazasoro adituak.
Hitzaldietan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea: 943 335 064 telefonoan edo euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.
Haurren garapena eta adimen-emozionala
Zikloarekin amaitzeko, haurraren garapenari eta adimen emozionalari helduko zaio. Apirilean Eider Fernandezek “Haurtzarotik nerabezarora, seme-alaben bidelagun” izeneko saioa eskainiko du eta, amaitzeko, “Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak” izeneko hitzaldia eskainiko da Nerea Mendizabalen eskutik, TrebaGurasoak programaren baitan.
Bi hitzaldi horien daten berri aurrerago emango da.