Albisteak
2021·02·24
OSOKO BILKURA
Kirol instalazioetako kudeaketa kontratuaren luzapena
2011n Astigarragako Udalak eta Mundarro Kirol Elkarteak Astigarragako kirol instalazioak kudeatzeko kontratua sinatu zuten. Kontraturen indarraldia 5 urtekoa da eta behin epe hau igarota, luzapenak egin daitezke.
Kontratua sinatu zenetik bost urtetako bigarren epealdia amaitu da eta Mundarro Elkarteak kirol instalazioen kudeaketarekin jarraitzeko asmoa adierazi du eta Osoko Bilkuran luzapena onartuta gelditu da.
Hirigintza aldetik hiru gai onartu ziren Osoko bilkuran:
- Astigarragako HAPOko HEA 22ko “Ubarburu Zabalpena”ren aldaketa puntualaren behin behineko onarpena eman zaio.
- HAPOren berrikuspenaren prozedura hastea eta herritarrek parte hartze programa onartzea.
- HAPOko “Txalaka Ergobia” 15 HEA Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren behin-betiko onarpena.
Adierazpen instituzionalak
Hiru adierazpen instituzional onartu ziren aho batez atzoko Osoko Bilkuran.
- EH Bildu Udal taldeak aurkeztutako proposamena, Astigarragan DBH-ko ikastetxea eraikitzeko premiari buruzkoa
2019ko uztailean Astigarragako Udalak Mendiaundi-Aranibarreko orubea proposatu zion hezkuntza sailari DBHko ikastetxea eraikitzeko.
Une honetan, Udala orubean egin beharreko hiritartze lanak burutzen ari da, hilabete gutxi barru amaituta egongo direnak. Udalak erabateko konpromisoa agertzen du lan horiek amaitu eta orubea Eusko Jaurlaritzari lagatzeko.
Hortaz gain, Hezkuntza Sailari dagokio orube horretan ikastetxea eraiki ahal izateko exekuzio proiektua idaztea eta obrak egitea. Prozesuak luze jo dezakeenez, Udalak urrats horiek lehenbailehen hastea eskatzen du:
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen dio Astigarragan DBHko ikastetxea eraikitzeko Mendiaundi- Aranibarreko orubea Hezkuntza Sailari lagatzeko hitzarmena prestatu eta dagozkion izapideak abiaraz ditzala.
- Hezkuntza Sailari eskatzen dio “Hezkuntza Azpiegituren Plana 2019-2023” inbertsio planean Astigarragako DBHko ikastetxea barne biltzeko.
- Hezkuntza Sailari eskatzen dio Astigarragako DBHko ikastetxearen exekuzio proiektua idazteko espedientea martxan jartzeko.
- Azkenik, Astigarragako Udalak eskatzen du adierazpen honen berri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Batzordeari emateko.
Ikusi adierazpena osorik
- EH Bildu Udal taldeak aurkeztutako proposamena, Martxoaren 8aren ingurukoa
COVID-19ak eragindako pandemian ere *emakumeek gizonezkoek baino ondorio latzagoak jasan dituzte, eta inoiz baino gehiago erakundeetatik bultzatzen diren politika guztietan begirada feminista behar da.
Horren adibide da Astigarragako Udalak sustengatu duen Emakumeon* Etxearen proiektua. Eragile sozial honen helburu nagusiena gizarte parekide bat lortzeko pausoak ematea eta emakumeon* ahalduntzea bultzatzea da.
Ildo horretatik, martxoaren 8ak udal honek politika publiko-komunitario feministekiko duen konpromiso berresteko balio behar du, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baten oinarriak jartzeko.
Ikusi adierazpena osorik
- Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 45. urteurrenaren ingurukoa
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena da otsailaren 27an. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da. Astigarragako Udalak herri honekiko gertutasun eta elkartasuna adierazi nahi du.
Giza eskubideen babesaz eta justiziaz kezkatuta, Astigarragako Udalak bat egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrenaren ospakizunean eta, beraz, babes hori erakusteko, otsailaren 27an, Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatu eta adierazpen honen berri emango du bere webgunean eta sare sozialetan.
Ikusi adierazpena osorik
TOKIKO GOBERNU BATZARRA
Karrerako funtzionarioen bi lanpostu betetzeko oinarriak eta deialdia onartu
Berdintasun, elkarbizitza eta partehartze saileko teknikari eta arduradunaren lanpostua, eta baita, Toki Garapeneko saileko teknikari eta arduradunaren lanpostua txanda irekiaren bidez eta lehiaketa-oposizio bidez jabetzan hornitzeko deialdia eta oinarriak onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak.
Astigarragako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana
Astigarragan hiri mugikortasun jasangarrirako plan baten diagnostikoa egin eta plana landu da. Pertsonen mugikortasun beharrei eredu jasangarri baten baitan erantzutea da helburua, «jasangarria» hitzaren hiru adieretan, alegia: jasangarritasun ekologikoa, ekonomikoa eta soziala. Eredu honek herritarrak izango ditu erdian, eta hiriguneko mugikortasun modu guztiak izango ditu kontuan: publikoak eta pribatuak, bidaiariak eta karga, motorizatuak eta ez-motorizatuak, mugimenduan eta aparkatuak.
Udalak laster aurkeztuko die plana herritarrei.
Dirulaguntza deialdiak
- Guztion, merkataritza-ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzak: Astigarragan hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten ekintzaileei zein ixtear dauden negozioen eskualdatzeak laguntzeko 18.000 euroko kreditua onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak.
- Gizarte-zerbitzuen esparruan jarduerak, proiektuak eta programak garatzeko 16.000 euroko kreditua onartu da, irabazi asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko.
- Garapen bidean dauden herrialdetako biztanleen baldintza sozio-ekonomikoak hobetzeko asmoa duten lankidetza programak antolatzeko 63.695,31 euroko kreditua onartu da. Honela banatzen da:
- %75a lankidetza-proiektuak garatzeko dirulauntzak
- %15a larrialdietako ekintza humanitarioak garatzeko
- %5a garapenerako sentsibilizazio jarduerak
- %5a herriko kooperatzaileentzako
- Kultura, Euskara eta Jaien arloetan onartu diren dirulaguntzak hauek dira:
- Jaietarako 38.500 euro
- Kulturarako 20.000 euro.
- Euskara sustatzeko 15.000 euro.
- Kirol arloko hiru jardueratan dirulaguntzak ematea onartu da, hauek dira:
- Kirol ekintza puntualetarako 21.000 euro
- Astigarragako kirolarientzako 1.000 euro
- Kirol programetarako 2.200 euro
Dirulaguntza izendunak
Tokiko gobernu batzordeak 2021.urtean elkarte hauei dirulaguntzak ematea erabaki du:
- Astiko elkarteari 7.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Mundarro elkarteari 75.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Gazte Asanbladari 8.500 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Norberto Almandoz Musika Eskolari 146.748,55 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Aiztondo abesbatzari 14.515,50 euroko dirulaguntza onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Txirriskla taldeari 8.330 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- AEK Euskaltegiari 13.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.
- Dobera elkarteari 30.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hitzarmena onartzearekin batera.