Albisteak

Atzo egin ziren urriko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea

Bi adierazpen instituzional aho batez onartu ziren astearteko Osoko Bilkuran. Tokiko Gobernu Batzarrak, bere aldetik, zenbait obra kontratuen eskeipena onartu zuen eta brigadako bi peoien bitarteko funtzionarioak izendatzeko eta bi lan-poltsa eratzeko lehiaketaren oinarriak onartu zituen, beste gaien artean.

2022·10·26


Kreditu aldaketa, kreditu gehigarria modalitatean

Udal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei aurre egiteko aurrekontuan ez dagoenez nahiko krediturik, aurrekontuan zenbait doikuntza egitea onartu zuen Osoko Bilkurak. Besteak beste, energia horniduraren fakturazioari aurre egiteko 57.780,00€, Pagoagako behe solairuko lokala Udalaren izenean jartzeko 100.000,00€, Bidebitarten egin beharreko ez-ohiko lanak ordaintzeko 40.000,00€)eta ur-hornidurari eta estolderiaren mantenuari aurre egiteko beste 95.000,00€.

Taxi ordenantza eta tarifak

Taxi bilgailuetan eskaintzen diren bidaiarien hiri garraio zerbitzuak arautzeko ordenantzari (taxi ordenantza) hasierako onarpena eman zion Osoko Bilkurak. 2023.urterako zerbitzuaren tarifei ere onarpena eman zion, %10,5eko igoerarekin, Gipuzkoak beste eskualdeetan onartzen ari diren kopuru bera, eta KPIaren oso azpìtik dagoena. Bestalde, kontuan hartuta lizentzia bakar bat oso gutxi dela udalerriko biztanle-kopuruarentzat, eta taxiaren erabiltzaileengandik jasotzen diren kexen kopurua, Udalaren asmoa epe laburrean herrian bigarren taxi lizentzia bat atera ahal izatea da.

Adierazpen instituzionalak

Bi adierazpen instituzional onartu zituen aho batez Osoko Bilkurak, ondorengoak dira:

Azaroak 25: Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian.

Astigarragako Udalak argi du indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea.

Astigarragako Udalak honako konpromezu hauek hartzen ditu:

  • Kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta erreparazio-lana sustatzen jarraituko dugu.
  • Indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa herriko eragile ezberdinekin batera protokoloa berrikusteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berrikusteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla bermatuko dugu.
  • Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak burutzeko bitartekoak jarriko ditugu.
  • Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak lantzeko programa iraunkorrak, eta osasun egoerari egokitutakoak, martxan jarriko ditugu.
  • 2023ko aurrekontuetan aurrez aipaturiko baliabide tekniko eta pertsonalak bermatzeko beharrezkoa den ekarpen ekonomikoa egiteko konpromisoa hartzen dugu.
  • Astigarragako Emakumeon Etxearekin dugun lankidetzan pausoak ematen jarraituko dugu.

Azkenik, azaroaren 25aren bueltan Udalak, Emakumeon Etxeak eta gainerako eragileek antolaturiko jardueretan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu astigartar guztiei.

Ikusi mozioa osorik

Azaroak 20: Haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna

Azaroaren 20a egun garrantzitsua da, Haurren eta Nerabeen Egun Unibertsala ospatzen delako.

Urtero, data honetan Haurren Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zeneko urteurrena ospatzen da, baita 1989an Haurren Eskubideen Konbentzioa onartu zenekoa ere.

Haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko egunaren ospakizunak haurrak osasuntsu izatearen garrantziaz eta familiak haurraren garapenean duen ezinbesteko pisuaz jendea sentsibilizatzeko aukera ematen du . Egun honekin lortu nahi dena da haurraren eskubideei buruzko kontzientziazio handiagoa bideratzea eta munduko haur guztien artean anaitasuna sustatzea.

Horregatik, Astigarragan Azaroaren 20ean Gaztelekuak, Xagu-xarrek eta Udalak antolatuko dituen jarduera desberdinetan parte hartzeko deia egiten diegu astigartar guztiei.

Ikusi mozioa osorik

Udal-brigadako bitarteko funtzionarioak eta lan poltsak

Udal brigadako bi peoik erretiroa hartuko dute 2022an eta hauen hutsunea betetzeko bitarteko 2 funtzionario izendatzeko lehiaketa irekia martxan jartzeko oinarriak onartu zituen Tokiko Gobernu Batzarrak.

Bi lan poltsa ere eratuko dira izendatuak ez diren izengaiekin osatuko dena, hau ere Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen atzo.

Udalak, bandoa jarriko du etxeetako atarietan prozesuaren berri emateko.

Ikusi oinarriak eta eskaera orria

Aguiko saneamendu-sarea

Aguiko etxebizitzak eta urbanizazioa egin zirenean Izaskun kaleko saneamendu-sareko lanak ez ziren udalaren irizpide teknikoak jarraituz egin eta ondorioz, obraren promotoreak lanak zuzendu nahi izan ez zituenez, udalak promotoreak udalean zuen abala ejekutatu eta udalak berak egingo ditu konponketak. Lan hauek egiteko kontratua Landa e Imaz enpresari esleitu zaizkio 91.162,39 eurotan (BEZik gabe).

Kiroldegia berritzeko- eta handitzeko-obra proiektua

2021ean, Udalak Kiroldegia handitzeko aurretiazko azterlan bat egin zuen, eta herritarren balorazioak eta ekarpenak ere jaso zituen. Hori guztia kontuan hartu da kiroldegia berritzeko eta handitzeko behin betiko proposamena egiterakoan eta obra-proiektua idatzi ahal izateko egindako lehiaketan puntuaziorik handiena lortu duen enpresa Xlark SLP izan denez, Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua berari esleitzea onartu du 210.000 eurotan (BEZik gabe).

Guztion, merkataritza-ekintzailetza sustatzeko programa

Tokiko Gobernu Batzarrak dirulaguntza eskaera berri bat onartu zuen Guztion, merkataritza-ekintzailetza sustatzeko programan. Kasu honetan 4.000 euroko dirulaguntza onartu da, eta onuraduna Ura-Fisioterapiako Garikoitz Etxebeste izan da. Honekin dagoeneko hiru dira edizio honetan programa honetarako Udalak eman dituen dirulaguntzak.