Albisteak
Atzealdea

Atzo egin ziren martxoko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea Astigarragako Udalean

Bi batzarretan gai ugari onartu ziren: HAPOren berrikuspenaren aurrerapena, taxi lizentzia berria, herrian Mugiment Kirol Txartela ezartzea, gizarte zerbitzuetako hainbat kontratu luzatzea, kontratazio espedienteak eta energia- eta klima-plana, besteak beste.

2023·03·29


Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapena

HAPOren prozesua luzea bada ere, Udalak urrats garrantzitsuak eman ditu orain arte. Lehenengo urratsa diagnostikoa egitea izan zen, eta bigarrena, alternatibak lantzea eta aurrerapen-dokumentua prestatzea. Aurrerapen-dokumentua eta dokumentu estrategikoa prest daudenez, Osoko Bilkurak jendaurrean jartzea onartu zuen, herritarrek, enpresek, eragileek eta edozein interesdunek alegazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izateko.

Aurrerapen-dokumentua eta dokumentu estrategikoa apirilaren hasieran egingo den Hirigintzako Aholku Batzordean eta apirilean zehar auzoetan egingo diren bileretan aurkeztuko dira.

Kreditu gehikuntzak eta partidak

Udal zerbitzuen beharrei eta betebeharrei aurre egiteko, gastu batzuk egin behar dira berehala. Izan ere, atzeratuz gero sortuko litzatekeen kalteak eragin nabarmena izango luke zerbitzuen kalitatean.

Gastu-partidetan gastu horiei aurre egiteko kreditu nahikorik ez dagoenez, Osoko Bilkurak hainbat kreditu-partida sortzea eta handitzea onartu zuen, eta Udalaren gerakinetatik eta jasotako diru-sarrera batzuetatik finantzatuko dira.

Gastu orokorretarako gerakinarekin 787.090,60 eurorekin finantzatuko dira. Gehitutako partidarik esanguratsuenak honako hauek dira:

  • Nabarra Oñatze kaleko zenbakian lokala erostea:  132.895,60
  • Jolas-parkeak: 73.200,00
  • Haurreskola txikia egokitzeko: 45.000,00
  • Udaletxeko konponketak (leihoak, fatxada): 120.000,00
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua: 40.000,00
  • Erribera Kultur Etxea, eskailerak, hornigaiak: 75.800,00
  • Kultur ekimen eta programaziorako: 35.000,00
  • Memoria monolitoa: 10.000,00
  • Hainbat elkarteren dirulaguntzak handitzeko: 18.200,00
    • Mundarro (10.000,00)
    • Emakumeen etxea (3.000,00)
    • Aiztondo abesbatza (4.200,00)
    • Gure izarra (1.000,00)

Udalak beste diru-sarrera batzuk izan ditu: Donostiako Udalarena 608.000 euro,  Astigarraga lantzen maileguaren amortizazioa 175.312,08 euro eta  Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza 378.000,00 euro.

Diru-sarrera horiek erabiltzeko onartutako partidarik esanguratsuenen artean honako hauek daude:

  • Ibai-parkea: 305.500,00
  • Brigadako lokaleko obrak: 477.812,08
  • LED argiak eta landa-argiak: 113.000
  • Lurrak erostea: 150.000
  • Arrobitxuloko urbanizazioa: 30.000,00
  • Azterlanak eta lan teknikoak: 40.000,00

Taxi lizentzia berria

Taxi lizentzia bakarra dago Astigarragan eta eskualdeko sektoreak ez dio Astigarragako beharrei egoki erantzuten. Horrez gain, biztanle kopurua nabarmen handitu da eta garraio zerbitzu publikoa ere mugatua danez, Astigarragan bigarren taxi lizentzia sortzeko proposamena eskualdeko batzordera eraman zen, batzordeak ontzat eman zuen (udalak alde, taxilariak aurka) eta ondoren Gipuzkoako Taxi Mahaira helarazi zen proposamena. Urrats gutziak egin ondoren, lizentzia berria sortzeko proposamena onartu zuen atzo Udal Osoko Bilkurak, orain Udalari lizentzia martxan jartzeko prozedura egitea dagokio.

 Dirulaguntzak ematea arautzeko udal ordenantzaren aldaketa

Urtarrilean Udalak hasierako onarpena eman zion dirulaguntzen ordenantzaren aldaketari. Jendaurrean erakusgai jarri eta udal langileen eta udal gobernuaren ekarpenak eta proposamenak jaso ondoren, teknikoki eta juridikoki aztertu dira eta dirulaguntzen ordenantzaren testuan txertatu. Atzo, Osoko Bilkuran, azken testua behin betiko onartu zen.

Mugiment Kirol Txartela ezartzea

Osoko Bilkurak Mugiment kirol txartela ezartzea onartu zuen. Udal kiroldegi bateko bazkideek beste herri batzuetako kiroldegietako instalazioak eta zerbitzuak erabili ahal izango dituzte (Mugiment kirol txartelaren sareko kiroldegietan). Hitzarmen hau sinatuta Astigarragako kiroldegira abonatutako pertsonak Mugiment Kirol Txartelaren hitzarmena sinatu duten udalerrietako udal-kiroldegietara joan ahal izango dira. Erabilera oso erraza da, dena aplikazio baten bidez kudeatzen da.

Gizarte zerbitzuetako zenbait kontratu luzatzea

Osoko Bilkurak etxez etxeko zerbitzua, etxebizitza babestuen erabiltzaileen zerbitzua eta gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzearen eta esku-hartze psikosozialeko zerbitzuaren 2 loteak urtebetez luzatzea onartu zuen, zerbitzuak modu egokian ematen ari direlako.

Tokiko gobernu batzarrak hainbat kontratazio espediente onartu zituen:

Ibai parkea

Ibai parkean argiteria publiko berria instalatuko da eta jolas eta aisialdi eremuak egokituko dira.

Andre Gobadarien ibai parkean jolaserako eta aisialdirako guneak egokituko dira. Helburua da hainbat belaunaldik gozatzeko moduko aisialdi-parkea izatea. Hainbat gune ekipatuko dira, besteak beste: haur eta gazteentzako trebakuntza gunea, tirolina gunea, kalistenia, adinekoentzako makinak, ur eremua… Hornituko diren espazio horiez gain, egokitzapen txikiak egingo dira gaur egun mahaiak eta aulkiak dauden eremuan. 187.841,44 euroko aurrekontua dute lan horiek guztiak.

Bestetik, argiak instalatuko dira, LED argiak dituzten hainbat farola jarriko dira. Urak har dezakeen eremu baxuenean ezin da elementu finkorik jarri, baina bai urbanizatutako goiko eremutik jaisten diren erdi mailako gune eta bideetan. Horietan farola berriak instalatuko dira. Aurrekontua 68.283,38 eurokoa da (BEZik gabe).

Herri eskolako atezain eta mantentze-lanen zerbitzua

Astigarragako Herri Eskolako atezain eta mantentze lanen zerbitzua emateko kontratazio espedientea onartu da. Egin beharrekoak hauek dira: eskolako eraikinaren sarbide-kontrola, instalazioen zaintza eta mantentze lanak.

Sagardo plazako jolas eta aisialdi eremuak

Sagardo plazako jolasgunea adin-tarte desberdinetara egokituko da eta gaur egun dagoen jolas- elementu estaliarekin osatuko da. Bi irla sortuko dira, kautxuzko bi irla menditsu izango dira. Topografiak berak jokoa ahalbidetuko du, irla bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu. Aurrekontua 59.593,53 eurokoa da (BEZik gabe).

Energia eta Klima plana

Energia eta Klima plana atzo onartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Astigarragako Udalak ibilbide luzea egin du klimaren arloan, klima-aldaketa arintzearekin lotutako alderdietan zentratuta, energia-eraginkortasuna hobetuz eta kontsumoak optimizatzeko ekintzak eginez, bai argiteria publikoan, bai udal-ekipamenduetan. Proiektu honen bidez, udalak pauso bat harago joan nahi du eta klimaren aurrean erresilienteagoa izango den udalerria lortu. Horregatik, proiektu honen helburu nagusia Astigarragako klima eta energia antolatuko dituen plangintza bat egitea da.

Ildo horretan, honako helburu hauek beteko dira:

  • Udalaren diagnostiko energetikoa eta klimatikoa egitea.
  • Ikuspegi eta helburu estrategikoak sortzea ekintza klimatikoari eta bidezko trantsizio energetikoari dagokienez.
  • 4/2019 Legearen eta EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren etorkizuneko Legearen betebeharrak betetzea
  • Datozen urteetan egin beharreko jarduerak formulatzea eta lehenestea, sailen arteko zeharkakotasuneko eta koordinazioko plangintza bat eginez.

Plan hori erreferentzia izango da udalarentzat, kudeaketa tresna gisa funtzionatuko du.