Albisteak

Atzealdea Astiko elkarteak irudi eta webgune korporatibo berriak aurkeztu ditu

2
Aurreko irudia oinarri hartuta, irudia modernizatu du Astigarragako merkatari, ostalari zein zerbitzuen elkarteak, eta aurrerantzean www.astiko.eus web-orriaren bidez emango dute elkartearen berri.

2021·11·24


2008. urteko maiatzean sortu zuten Astiko elkartea herriko hainbat merkatarik, ostalarik eta zerbitzu-emailek, duela hamahiru urte. Ordutik, asko aldatu da Astigarraga: herria handitu da eta herri-merkataritzaren sektorean ere eragina izan du. Besteak beste, merkatari, ostalari eta zerbitzu-emaile berriak ere etorri dira, eta ondorioz, Astiko elkarteak beste dimentsio bat hartu du, bazkide berriak erakarriz.

Testuinguru berri honetan, irudia berritzeko aukera baliatu du Astiko elkarteak, eta bide batez, webgune berria ere sortu du: www.astiko.eus. Lan hori guztia Astigarragako Udalarekin egin da, elkarlanean.

Astikoren ibilbideari keinu bat

Astikoren irudi berria ez da hutsetik abiatu, aurrekoa oinarri hartuta modernizatu da: «aurreko irudiari, eta beraz, Astikoren ibilbideari keinu bat egin nahi izan diogu», azaldu du Astiko elkartearen ordezkariak. Hain zuzen, elkarteko hiru adarrek –merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek– hiru koloreen bitartez dute presentzia. Irudia modernitzatzeko, koloreek aldaketa txiki bat izan dute, saturatuagoak dira, eta logoaren forma ere sinplifikatu da.

Webgune berria Astikoko establezimenduen erakusleiho

Irudi korporatiboa berritzearekin batera, Astiko elkartearen lehen webgunea sortu da: www.astiko.eus. Elkartearen jardueraren berri emateaz gain, Astikoko establezimenduen erakusleiho izango da, astigartarren eskura: kide bakoitzak orrialde propioa du eta oinarrizko informazioa eskainiko du (ordutegia, mapa, harremanetarako datuak…).

Gainera, Udalarekin adostuta, aurrerantzean Astiko elkartearen webgunetik erosi ahal izango dira Astigarragako deskontu-bonuak. Hain justu, hurrengo astean jarriko da martxan bonuen hirugarren edizioa: abenduaren 1etik 15era erosi ahal izango dira, eta urtarrilaren 31ra arte erabiliko dira. Kasu honetan, ekimena Astigarragako establezimendu guztietara zabaldu da.

1 2