Albisteak
Atzealdea Astigarragari ekarpen esanguratsua egin dioten emakume erreferenteen bilduma osatzeko ikerketa-proposamenak lortu du Berdintasun saileko beka
2023·06·16
Udalak martxoan argitaratu zuen Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko III. ikerketa-beka. Aurkeztutako lanen artean epaimahaiak “XX. eta XXI. mendeetan Astigarragako bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoak izandako hainbat emakume erreferente” egitasmoa lehenetsi du, puntuaziorik altuena lortu baitu.
Ezbairik gabe Kontxa Etxeberria da astigartar emakume ezagunena, baina beste emakume asko dira herriari alor desberdinetan ekarpena egin diotenak. Emakume horietako gutxi dira herrian ezagunak, ordea, eta erreferente falta nabaria da. Gabezia horretatik abiatuta, beka lortu duen proiektuak honako ikerketa proposatzen du: Astigarrako herriari ekarpena egin dioten hainbat emakume identifikatzea eta emakume horiei buruzko biografia laburra osatzea. Ekarpenak XX. eta XI. mendeetan kokatutakoak izango dira eta, besteak beste, honako alorrak ikertuko dira: arlo soziala, kultura, ekonomia eta politika. Emakume errefente horiek identifikatzeko hainbat iturri erabiliko dituzte eta, tartean, herritarrei modu irekian galdetzea proposatu dute.
Beka 10.000 eurokoa da eta 18 hilabete izango dituzte ikerketa-lanak burutzeko. Proiektua Eider Ugarte Rodriguezek eta Andrea Loinaz Maizcurrenak aurkeztu dute.
Bi astigartar ikertzaile-lanetan
Eider Ugarte Rodriguez Pedagogian graduatua eta Musikoterapiako masterra burututakoa da. Astigarragako Gazte Asanbladaren parte da eta 2022tik Kontxa Etxeberria foroak antolatzen duen Berdintasun Mahai Txikian hartzen du parte asanbladako ordezkari moduan.
Andrea Loinaz Maizcurrena Gizarte Lana eta Gizarte Hezkuntzan graduatua da. Gaztetatik ostalaritzan aritua, baina graduak amaitu bezain laister Gizarte Hezitzaile gisa lanean hasitakoa. Gaur egun, bi arlotan dihardu lanean: batetik, familia eskuhartzeak burutzen; eta bestetik, Irungo kulturarteko bitartekaritza programako koordinatzaile-lanetan.
Biekin egon gara eta euren inpresioen berri eman digute.
- Nola bizi duzue beka lortu izana? Sorpresa eta ilusio handiz. Maila profesional eta pertsonalean garatzeko izugarrizko aukera iruditzen zaigu beka hau. Era berean, ikerketa gure herrian aurrera eramateko aparteko grina sentitzen dugu; izan ere, gure herrian ekarpenak egin dituzten emakumeak era sakonago batean ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera izateagatik zorionekoak sentitzen gara.
- Zer beharri erantzuten dio zuen ikerketa-proposamenak? Zein da abiapuntua? Astigarragako emakume erreferenteei merezi duten errekonozimendua emateko behar handia ikusten dugu. Horregatik, Astigarragako bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoan emakumeek eginiko ekarpenen analisia egin nahi da. Lehenik, emakume hauek identifikatu nahi ditugu herritar guztien laguntzaz, eta ondoren, hauei ahotsa eman euren ekarpen eta bizipenak jasoz eta ezagutzera emanez.
- Zein izango da zuen ikerlanaren emaitza? Zer ekarpen egin gura diozue herriari? Emaitza nagusia emakume erreferenteen zerrenda bat izango da, hauen izen abizenak zehaztuz eta eragin duten sektorearen arabera sailkatuz. Biografia solteak idazteaz haratago, hainbat arlotan ekarpenak egin dituzten emakumeen bizipenak jaso nahi dira, emakume izateagatik edukitako zailtasunak bilduz, arlo sozial zein pribatuan, eta batezere, foku feministatik emakumeen ikuspegia agerian jarriz. Horretaz gain, analisi orokor bat ere egin nahi da sektoreka, hauetako bakoitzean emakumezkoen egoera zein izan den eta zein den identifikatu eta jasota geratzeko. Izan direnen istorioak ezagutuz soilik izango baikara.