Albisteak

Atzealdea Astigarragan herriko erreka eta ibaiei buruzko informazio-panelak jarriko dira

Udalerriko ibaiak eta errekak seinaleztatzeko planaren helburua herritarrei erreken inguruko ezagutza trasmititzea eta hauek errazago identifikatzea da. Horretarako, 3 seinale mota jarriko dira herrian zehar.

2025·12·22


Astigarragako ibai eta erreken presentzia diskretu baina biziak izaera berezia ematen diote udalerriari. Gehienak Urumea ibaiaren ibaiadarrak dira. Ur-ibilgu txiki horiek, batzuk herritarragoak (Galtzaur ibaia, adibidez) eta beste batzuk askoz naturalagoak (Epele ibaia, adibidez), inguruko haranetatik igarotzen dira, paisaia moldatuz eta inguruaren oreka ekologikoari lagunduz. Ingurumen-balioaz haratago, Astigarragako errekak landa-garapenaren lekuko izan dira historikoki, baratzeak ureztatuz, errota zaharrak elikatuz eta bertako flora eta faunari habitata eskainiz. Bere presentzia, askotan oharkabean pasatzen dena, inguru honetako gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren isla da.

Hori guztia balioan jarri nahi izan du Udalak eta herrian barrena, hainbat puntutan, bertako errekak ezagutzeko aukera ematen duten informazio panelak eta zenbait erreken kokapena adierazten duten seinaleak jarri dira. Bakoitzean, gainera, ingurua interpretatzeko aukera ematen duten gaiak lantzen dira. Seinale horien bitartez, herritar eta bisitariei kokapena eta ezagutza trasmititzea lortu nahi da, ezagutzen ez dena ez baita maitatzen eta zaintzen.

Hiru seinale mota hauek jarriko dira:

  1. Astigarragako erreka guztiak irudikatuz panel orokorra jarriko da ibai-parkean.
  2. Astigarragan bost erreka multzo bereizi dira eta horietako bakoitzari lotuta panel informatibo bat jarriko da.
  3. Astigarragako 10 puntutan, errekaren ondoan, bere izena daraman seinaleak jarriko dira.

Lanen kostua 18.924,19 eurokoa (BEZ kanpo) izango da eta lanak 2026ko hasieran amaituta egotea aurreikusten da. (Udalei zuzendutako 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuak lortzen laguntzen duten jarduerak egiteko laguntzen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta).