Albisteak

Atzealdea Astigarragan ere euskaraz

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da.

2019·12·02


Astigarragan hainbat ekitaldi egingo dira:

  • Ahotsak.eus proiektuko partaideei eskertza, udaletxean, 17:30ean: Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu zuten, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baitira materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Egun atari honetan Astigarragako 36 hizlariren bizipenak jasotzen dira, 804 pasartetan.
  • Emotikonoen jolasa, Gaztelekuan, arratsaldean zehar.
  • Haurrentzako jolasak, Herri Eskolako patioan, 16:30etik 18:00etara, Xagu Xarren eskutik.
  • Antzerkia, “Bakean dagoenari bakean utzi” Kultur Etxean, 19:30ean: Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artistek, elkarrekin jositako sei bakarrizketa aurkezten dituzte. Euskara eta generoa umoregai hartuta, euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorpuztasuna eta kristalezko sabaia bezalako gaiak dituzte hizpide ordu bete inguruko emankizunean. Kritika eginez, deseraiki eta barre eginez baterrak zirikatzen dituzte.
  • "100da100 berrehun ordu euskaraz" egitasmoa:  Herri eskolako 5. eta 6. mailako ikasleek bideratuko dute aste osoan zehar. Euskarekiko konpromezua azaldu nahi duten ikasleek izena eman eta dokumentu bat sinatuko dute. Hauek, paparrean txapa bereizgarri bat eramango dute eta aste osoan zehar euskaraz jardungo dira.
  • Astigarragako establezimenduetako mostradoreetan “Astigarragan euskaraz bizi nahi dut” banderatxoak jarriko dira euskararen erabilera aldarrikatzeko.

Udalak azaroko ohiko osoko bilkuran Euskararen eguneko adierazpen instituzionala onartu zuen. Bertan, herritarrak euskaraz mintzatzera eta euskararen aldeko ekimenetan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Ikusi adierazpena hemen.