Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalaren adierazpena, emakumeen kontrako indarkeria sexistari buruz

Astigarragako Udalak martxoko lehen hamabostaldian herrian izan diren bi indarkeria kasuak gaitzesten ditu. Halaber, bat egiten du Soraluzeko hilketa gaitzesteko gaurko deitutako dagoen gaitzespen kazeroladarekin.

2020·03·17


Astigarragako Udala, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako adierazpena, 2020-03-17an

Astigarragako Udalaren adierazpena, emakumeen kontrako indarkeria sexistari buruz

Astigarragako Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian martxoko lehen hamabostaldian gertatu diren emakumeen kontrako indarkeria sexista kasuen aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die mota horretako erasoak pairatzen dituzten emakumeei eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak erasotutako emakumeen esku jarri ditu, baita bere onera etortzeko prozesuan behar dezaketen laguntza guztia ere.

Astigarragako Udalak 2019. urtean Astigarragako Udalaren eraso matxisten aurrean jokatzeko eta erantzuteko protokoloa sortu zuen. Hori dela eta, gorago aipatutako gertaera horien berri izan bezain laster, protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimei egokia den arreta eman ahal izateko beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko. Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta erantzuteko protokoloa ezinbesteko tresna zaigu erantzun egoki, eraginkor eta bateratua emateko jendartean ikusezin eta normalizatua dugun emakumeen kontrako indarkeria sexisten eta bestelako indarkeria matxisten aurrean. Alde batetik, protokolo honek Astigarragako Udalak emakumeen kontrako indarkeria sexistarekin eta indarkeria matxista mota guztiekin amaitzeko duen konpromisoa berresten du. Bestetik, indarkeriaren prebentzioan eta arretan zuzenean lan egiten duten Udaleko sailen arteko koordinazioa eta lankidetza hobetzen ditu. Eta, azkenik, eta garrantzitsuena, emakumeen kontrako indarkeria sexistarekin eta zein bestelako indarkeria matxistekin amaitzeko egiten den lana hobetzen du, besteak beste, biktimei ematen zaien arreta hobetuta.

Udalaren jarrera irmoa da, argi eta garbi adierazi nahi dugu ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaini nahi diegu, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren edo indarkeria matxistaren aurka; indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, zein sexu/genero/sexualitate sistema eta horri lotutako botere harremanetatik ateratzen direnena, emakume guztiena baizik.

Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia, alegia. Indarkeria sexista emakume guztiek emakume izateagatik edota emakume itxura izateagatik jasaten duten indarkeria da. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza.

Astigarragako Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Astigarragako herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak, zein bestelako eraso matxistak, irmotasunez gaitzetsi ditzaten. Erasoa jasan duten emakumeek edo heteroarau jarraitzen ez dutenek, guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei, edo bestelako erasotuei, erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, ekintza makur horien ondorioak ordainaraziz.

Horrenbestez, Astigarragako Udalak dei egiten die herritar guztiei emakumeen kontrako eraso sexista edo indarkeria matxista kasuen aurrean aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera. Era berean, ezinbestekoa da Udalak behar bezalako erantzuna eman ahal izateko, gertatzen diren eraso sexista eta matxisten berri izatea. Denon artean indarkeria sexistarik eta matxistarik gabeko Astigarraga eta jendarte parekidea eratzea lortuko dugu.

Soraluzeko hilketa

Astigarragako Udalak, halaber, martxoaren 16an Soraluzen gertatutako erailketa matxista salatzen du eta bat egiten du hilketa hori salatzeko ekimenekin.

Kezka isolamendu egoera dela eta

Halaber, Astigarragako Udalak bere kezka agertzen du COVID-19ko osasun-krisiaren ondorioz berrogeialdian eta isolamenduan gerta daitezkeen ekintza eta portaera matxisten gorakadaren aurrean. Hori dela eta, gogorarazten du eskura dagoela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko telefono zenbakia: 900840111 (doakoa eta 365 egunez eta 24 orduz dago erabilgarri).

Gaitzespen kazerolada

Azkenik, Astigarragako Udalak herritar guztiei dei egiten die koronabirusaren osasun-krisirako ezarritako protokoloa eta gomendioak jarraituz, etxetik bat egin dezaten mugimendu feministak antolatu eta bultzatutako gaitzespen-kazeroladekin. Gaitzespen ekimen hori izango da gaur, martxoak 17, 21:00etan.