Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak poligonoen hondakin bilketa publifikatuko du

Gaur egun poligonoen hondakinen bilketa FCC enpresa multinazionalak burutzen du eta Astigarragako martxoko udal osoko bilkurak Astigarragako industrialdeko hondakinak biltzeko zerbitzu publikoa udalak zuzenean kudeatzeko espedientea abian jartzea erabaki zuen.

2021·04·14


Udalaren asmoa 2021eko uztailaren 1etik aurrera industrialdeko hondakinen bilketa %100ean publikoa den Garbitania sozietate publikoarekin bitartez burutzea da.

Esku eta interes pribatuen menpe eta mesedetara dagoen zerbitzu publikoa publifikatzeaz gain, Astigarragako Udalak Bibebitarte, Ubarburu, Zamoka, Troia eta Txalakako industrialdeko erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua hobetzea du helburu.

Batetik, industrialdetako enpresek bilketa zerbitzu BERDINA jasoko dute oro har. Aldaketa nabarmenena papera eta kartoia astean bitan (orain astean behin jasotzen dena) eta errefusa astean behin jasotzera (orain astean bitan jasotzen dena) pasatzea izango da. Aldaketa honen helburua argia da; bilketa selektiboan beste urrats bat gehiago egitea, batik bat, errefusa murriztuz eta organikoaren bilketa areagotuz. Estimazioen arabera, 93.000 kilo hondakin gehiago jasoko dira gaika eta erraustegira 62.000 kilo hondakin gutxiago bidaliko dira. Hondakinen bilketa selektiboa %83tik %88ra pasatzea aurreikusten da baina helburua %90eko muga gainditzea izango da.

Bestetik, Astigarragako industrialdeko erabiltzaileek hezitzaile bat izango dute 100%eko jardunean euren zalantzak eta eskaerak egiteko eta aholkularitza eta laguntza jasotzeko. Beraz, lanpostu berri bat sortuaz, San Markok ematen duen zerbitzua hobetuko da. Gaur egun San Markok pertsona eta erdi bat bideratzen baitu Astigarraga, Donostia, Lasarte-Oria, Orereta, Pasaia, Lezo eta Urnietako erabiltzaile guztien eskaerei erantzuteko. Publifikazioarekin, Astigarrragako industrialdeko erabiltzaileak pertsona bat izango dute esklusiboki euren zerbitzura.

Gainera, enpresetan dauden edukiontzi ugari berritu (261 edukiontzi aldatzea aurreikusten da) eta egokituko dira enpresek dituzten beharrei hobeto erantzuteko.

Aipatzekoa da ere udalak bilketa zerbitzua orain egiten duten FCCko langileak lanean mantenduko dituela, dagokien subrogazio eskubidea errespetatuz. Hau da, FCCko langile izatetik, Garbitaniako langile izatera pasako dira.

Industrialdeko hondakin bilketa zerbitzua publifikatuz, zerbitzuaren erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua hobetuko da, hala nola hezitzailearen figura indartuz, eta udala gai izango da zerbitzuarengatik jasoko dituen diru-sarrerengatik zerbitzuaren kostuaren, gutxienez, %92,44a estaltzea, hau da, zerbitzuak kostatuko dituen 403.836,64 euroetatik, diru-sarrerengatik udalak gutxienez, 373.289,62 euro jasoko ditu.

Herriko bilketak berdin jarraituko du

Herrian ematen den zerbitzuan ez da inolako aldaketarik egingo. Hala ere, urtea amaitu aurretik udalak poltsa konpostagarriak doan banatzeko makinak ezarriko ditu herrian zehar. Horrela, herritarrak hondakin konpostagarriak edukiontzi marroiean botatzeko poltsa konpostagarriak doan eskuratu ahal izango ditu.