Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak otsaileko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordea egin zituen atzo

Besteak beste, araudi eta ordenantza berriak, dirulaguntzak, kontratuen luzapena, euskara sustatzeko plana eta martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala onartu ziren.

2023·03·01


Zinegotzi berriaren kargua hartzea

Antton Kosta EAJko zinegotziak kargua utzi zuen iazko maiatzean, eta EAJ-PNV taldeak ez du 8 hilabete baino gehiagotan ordezkatu. Atzoko Osoko Bilkuran hartu zuen kargua azkenean zinegotzi berriak, Olaia Pastorizak.

Arautegiak eta Ordenantzak

Zenbait arautegi eta ordenantzei hasierako onarpena eman zitzaien Osoko Bilkuran:

Ezkontza zibilak

Astigarragako udalak ezkontza zibil ugari egiten ditu baina aspektu guztiak arautegi batean jaso gabe zeuden. Hori horrela, arautegi bat egin da. Hauek dira bertan jasotzen diren puntu garrantzitsuenak:

  • Ezkontideetako batek Astigarragan erroldatuta egon behar du, bertan lan egin edo etxebizitza izan.
  • Ezkontzak ostegunetan eta ostiraletan izango dira, 11:30etik 13:00era, aste santuan, abuztuan, gabonetan edo jaieguna denean izan ezik. Eta, baita, hileko bigarren larunbatean ere 11:30etik 13:00era, aste santua, abuztua, gabonak eta jaiegunak izan ezik.

Hiletak eta omenaldi zibilak

Astigarragan hildakoei hileta, ospakizun edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea eta udal lokal edo espazio publikoen erabilera arautzea da helburua. Hauek dira jasotzen diren puntu nagusiak:

  • Ohiko leku edo espazio publiko batzuk zehaztu dira: Barandiaran plaza, Emakumeon plaza, Txominenea pilotalekua, Kontxa Etxeberria plaza.
  • Astelehenetik igandera egin ahal izango dira. 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
  • Hiletak ezin izango du 90 minutu baino gehiago iraun

Nerabeen zerbitzuak

Udalak nerabeentzat hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, baina kasu honetan ere ez zegoen erabilera arautzen zuen dokumenturik, eta horren beharra ikusi da. Hauek dira arautegian jasotako alderdi nagusiak:

  • Nerabeentzako zerbitzua definitzen du: non garatuko den, hizkuntza…
  • Gaztelekua eta kultur etxe zaharra erabiltzeko arauak zehaztu dira
  • Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, arau hautseak…

Terrazak

2022ko maiatzetik 2022ko abendura Terrazen ordenantza berrikusteko prozesu parte-hartzailea burutu zen. Prozesu horretan hainbat saio egin dira ostalari eta herritarrekin, kezkak, proposamenak eta ekarpenak jasotzeko. Hona hemen ordenantzan egindako aldaketa batzuk:

  • Sarreran hautsontziak jartzea
  • Mahaiak jarri ahal izateko 4 mko espazioa beharko da gutxienez
  • Kupelak jartzeko gtxienez 3 mko espazioa beharko da gutxienez
  • Gehienez ere 12 mahai jarri ahal izango dira fatxada bakoitzean (bi fatxada izanez gero, gehienez 24 mahai) mahai eta terrazen gehiegizko kontzentrazioa mugatzeko
  • Kupelak aulkirik gabe jarri behar dira
  • Terraza ondoko lokalaren parean jartzeko, establezimendu horren baimenaz gain, jabeen komunitatearen baimena ere beharko da
  • Ordutegiak beste era batera finkatu dira: goizeko 8etatik aurrera jarri ahal izango dira terrazak, 16 orduz udaran eta 15 orduz neguan.

Adierazpen instituzionala

Martxoaren 8ko Adierazpen instituzionala aho batez onartu zen otsaileko Osoko Bilkuran.

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Emakume guztien eskubideak aldarrikatzeko eguna.

Aurten, Euskal Herriko mugimendu feministak, “Denon bizitzak erdigunean” lelopean, zaintzaren sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko deia egin du, eta Udalak bat egin du honekin.

Bestalde, Udalak Martxoaren 8aren inguruan antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

Kontratuak luzatzea

Udal eraikinen (eraikinak eta leihoak) garbiketa bi loteetan esleitu zen 2021ean, eta kontratua behar bezala gauzatzen ari denez bi urteren ondoren, Osoko Bilkurak beste urtebetez luzatzea erabaki zuen. Alde batetik, lehenengo lotea UTE Astigarbi enpresarekin urtebetez luzatzea; eta bestetik, bigarren lotea, Garbialdi S.A enpresarekin urtebetez luzatzea.

Euskararen erabilera sustatzeko plana

Astigarragako Udaleko euskara zerbitzuak eta UEMAK Astigarragan euskara sustatzeko plana ondu eta adostu dute. Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen atzo.

Astigarragan euskararen erabilera sustatzeko urtebeterako plana da. 2023 urteko plana garatzearekin batera, bitartean, 2024-2029 epealdirako plan estrategikoa diseinatuko da: herritarrekin eta herri eragileekin batera, partaidetza prozesu bat martxan jarrita. Beraz, datozen 5 urteetarako bide orriari begira, mugarri izango da 2023 urtea.

Euskara sustatzeko ekintza planak (ESEP deiturikoak) proposatzen dituen lan esparruak aintzat hartuta banatu dira planean jasotako helburu eta ekintzak. Ondorengoak dira landuko diren esparruak:

  • Familia transmisioa
  • Irakaskuntza
  • Euskalduntze-alfabetatzea eta etorri berriak
  • Administrazioa
  • Arlo sozioekonomikoa
  • Aisia, kirola eta kultura

Hirigintza arloan, Tokiko Gobernu Batzordean oniritzia eman zien honako gai hauei:

  • Bortoenea urbanizatzeko proiektua behin betiko onartu zuen.
  • Errekalde Lizardi 2.4 EUko jabe bakarra birpartzelatzeko proiektuari hasierako onespena eman zion.

Dirulaguntzei lotutako hainbat gai onartu ziren atzo, Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzordean:

  • Astigarragako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko eta balioesteko Berdintasun Sailaren ikerketa-bekaren 2023ko deialdia onartu zen.
  • 25.000 euroko dirulaguntza izenduna onartu zitzaion Astiko elkarteari, 2023an egitasmoak burutu ditzan.
  • Landa eremuan dirulaguntzak eskatu ahal izateko, administrazio publikoentzat edo herritarrentzat izan, onuradun izateko sarritan landa-biztanleriaren entitate berezi batekoa izan behar da, eta, bestela, ezin da dirulaguntzarik jaso. Horregatik, Osoko Bilkurak atzo onartu zuen biztanle entitate bereziak sortzea, landa eremuan bizi diren partikularrei erraztasunak emateko. Biztanle-entitate bereziak nortasun juridikorik gabeko entitateak dira, landa eremua sailkatzeko erabiltzen direnak. Erakunde horiek sortzeak ez du beste ondoriorik. Astigarragako udalerriko lurzoru urbanizaezinean biztanle-entitate berezi hauek sortzea onartu da:
    • Oialume.
    • Santiagomendi.
    • Perurena.
    • Txoritokieta.
    • Mendiaundi