Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak ikerketa beka argitaratu du “herriko komertzio txikian eta lehenengo sektoreko produktuen salerosketan emakumeek urteetan betetako eginkizuna” ikusarazteko

1
Beka eskuratzen duenak 8.000 euro jasoko ditu abenduaren 1era bitartean aipatutako ikerketa gauzatzeko.

2022·02·25


Udalak Astigarragako emakumeen historia ezagutzera eman nahi du, berreskuratuz eta ezagutzera emanaz herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoan egin duten ekarpena. 2020. urtean sortu zuen bekaren lehenengo edizioa, zeinari esker XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu, eta zabaldu ahal izan diren.

Bigarren deialdi honen bidez, aztertu nahi da zer-nolako papera izan duen (historikoki zein gaur egunera begira) emakumeak Astigarragako komertzio txikian, merkaturatze zirkuitu laburretan eta lehenengo sektoreko produktuen salerosketan.

Komertzio txikiak potentzialtasun nabaria du herrigintzan, tokiko garapenean, genero-berdintasunean eta kohesio sozialean, eta auzokoen bizitza sozio-komunitarioan eragina duten hainbat eginkizun betetzen ditu. Emakumeek saltzaile zein erosle izan diren heinean, herriko ekonomiari eta eguneroko bizitzari egin dioten ekarpena agerian jartzeko bitarteko izan nahi du ikerketa-beka honek.

Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 25a izango da. Beka eskuratzen duenak 8.000 euro jasoko ditu abenduaren 1era bitartean aipatutako ikerketa gauzatzeko.

1