Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak ikasturteko lehen Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen atzo

Bilkuretan gai garrantzitsuak jorratu ziren, hala nola, 2023ko ordenantza fiskalak eta obren hainbat proiektu.

2022·09·28


2023ko zerga fiskalak

Osoko Bilkurak atzo eman zien hasierako onespena 2023ko ordenantza fiskalei, eta orain 30 eguneko epea ireki da alegazioak aurkezteko.

Udal Gobernuak irizpide orokor gisa % 2ko igoera aplikatzea proposatu du. Azken hilabeteetako KPIaren igoera handiaren eta aurreko legealdian zergak izoztearen ondorioz, Udalak beharko lukeen ahalmen ekonomikoa ahuldu egin da eta proiektuak gauzatu eta herritarren ongizatea bermatzeko oinarrizko zerbitzu eta laguntza duinak bideratzeko zailtasunak aregotu egin dira. Hori dela eta, legealdi honetan udalaren ahalmen ekonomikoa berreskuratzeko edo gutxienez ahal dela eusteko erronkari heldu zaio , urtero igoera txiki bat aplikatuz eta aurten bide beretik jarraitzea planteatzen da, betiere bat-bateko igoera nabarmena saihestuz.

Gainera, baliabide ekonomiko urriak dituzten bizilagunek udaletxean hobariak eskatzen jarraitu ahalko dute eta 2023rako %20an areagotu da errentaren muga herritar gehiagok hobariak eskatzeko aukera izan dezan.

Argiteri publikoa

Kontratazio espedientea onartzea eta esleipen prozedura hastea onartu zen Tokiko Gobernu Batzordean.

Helburua da Udalerriaren zati bateko kanpoko argiteria ordeztea. Guztira 93 argi-punturen gainean jardungo da; Oialume Bidean, Kale Nagusian (Anuska eta Zapiain sagardotegiaren artean), eta Apeztegi Plazaren inguruan. Gainera, beste 4 argi-puntu berri gehituko dira Arrobitxulo auzoan argi-maila hobetzeko. Aurrekontua 82.991,50 eurokoa da (BEZ barne).

Jarduera honen bidez, energiaren % 80 inguru aurreztu nahi da ordezkatutako luminarietan, argiztapenaren kalitatea hobetu nahi da, eta, gainera, instalazioaren mantentze-lanen kostuak murriztu nahi dira, LED teknologiako argiek bizitza erabilgarri luzeagoa dutelako, energetikoki eraginkorragoak direlako eta argi-fluxua berehala erregulatzea ahalbidetzen dutelako. Nabarmendu behar da aurrezpen horrek atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasen murrizketa ekarriko duela. Udala urtero luminaria kopuru bat aldatzen ari da LEDez ordezkatuz, auditoria energetiko batean oinarrituta.

Bestalde, Murgiako parkeko argi-maila ere hobetuko da, puntu berriak gehituz. Honekin Udalak herritar askoren eskariari erantzungo dio. Helburua da Murgia parkeko erabilera-ordutegiak eta bertako segurtasuna handitzea da. Horretarako, egungo argiteriaren instalazioa berritzea diseinatu da eta dauden hormigoizko dadoetako batzuen ordez farolak jarri dira

Ekintza horiek amaitzean, herrian dauden 1.800 argi-puntuen %62a LEDera aldatuta egongo da.

Instalazio fotovoltaikoak

Tokiko Gobernu Batzordeak kontratazio-espedientea onartzea eta esleipen-prozedurari hasiera ematea onartu zuen.

Hiru eguzki-instalazio fotovoltaiko hornitu, muntatu eta martxan jarriko dira: bata, Kultur Etxe Zaharreko estalkian; bestea, Erribera kulturgunean; eta hirugarrena, udal kiroldegian, soberakinak dituen autokontsumo kolektiboaren modalitatean.

Erriberako Kulturgunean 30kWko instalazio fotovoltaikoa instalatuko da eta Kulturgunea, Herri-Eskola eta Urumea kaleko udal etxebizitzak hornitzeko aprobetxatuko da. Lizitazio-aurrekontua 44.724,63 eurokoa da.

Kiroldegian 60kWko instalazio fotovoltaikoa eta Kultur Etxe Zaharrean 30kWko instalazio fotovoltaikoa instalatuko da eta instalazio hauek, besteak beste, kiroldegia, Kultur Etxe Zaharra, udaletxea, Arrobitxuloko etxe tutelatuak, pilotalekua, emakumeon etxea hornitzeko aprobetxatuko da.

Kiroldegiaren instalazio fotovoltaikoaren lizitazio-aurrekontua 72.185,55 eurokoa (BEZ barne) da eta Kultur Etxe Zaharrekoarena, aldiz, 38.078,70 eurokoa (BEZ barne).

Udalak energia berriztagarrien erronkari heldu nahi dio eta bere hornidura elektrikoa modu berriztagarrian eta bertan produzitzearen aldeko apostua egin du eta hiru instalazio hauek etorkizunean etorriko diren hurrengo urratsen lehen urratsak besterik ez dira.

Erribera kulturguneko sarbideak

Iraileko Tokiko Gobernu Batzordean Erribera kulturguneko sarbideak egokitzeko obra-proiektua onartu da. Bi eskailera eraikitzea planteatzen da, bakoitza eraikinaren mutur batean, batetik, suteei buruzko araudia hobeto bete ahal izateko, ebakuaziorako; eta bestetik, musika-eskolaren sarrera eta irteera autonomoak hobeto bermatzeko.

Iparraldean, sotoa bide publikoarekin lotuko duen eskailera bat egingo da, fatxadatik eta kanpoko lorategitik egingo da konexioa. Hegoaldean, aldiz, bide publikoa lehen eta bigarren solairuekin lotuko da, beraz, eskailera berri bat eraikiko da eraikinaren ondoan.

Obraren lizitazio-aurrekontua 312.250,60 eurokoa (BEZ barne) da.

Oialumeko ur beltzaren saneamendu-sarea

Egun Oialume auzoko ur beltzak Oialume errekastora isurtzen dira. Obra-proiektuan PVCzko kolektore bat egitea proposatzen da, Oialume errekastora urak isuri aurretik dagoen kolektorea geldiaraziko da, irtengune-putzu bat egingo da eta kolektore berria errekastoaren ibilguaren azpitik bideratuko da. Saneamendu hori egiteko obra-proiektua Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, URA uraren Euskal Agentziaren jarraibideekin.

Lizitazio-aurrekontua 168.963,92 € koa izango da (BEZ barne).

Ekimen honekin Oialume errekastoaren ingurumen-baldintzak nabarmenki hobetuko dira, uraren kalitatea areagotuz eta errekastoan bertan eta inguruko bioaniztasuna hobeto babesteko aukerak zabalduko dira.