Albisteak

Astigarragako Udalak herritarren iritzia jaso nahi du kiroldegia handitzeko proposamenean

8
Arkitekto talde baten eskutik kiroldegia handitzeko aurretiko azterketa burutu du udalak eta azaroan zehar herritarren balorazio eta ekarpenak jaso nahi ditu proiektu fasean aintzat hartzeko.

2021·11·08


Astigarragako Udalak arkitekto talde baten laguntzaz kiroldegia handitzeko aurretiko azterketa burutu du. Kiroldegiarentzat egindako proposamena ez da definitiboa, hori dela eta, azaroan zehar herritarren balorazio eta ekarpenak jaso nahi ditu udalak.

Arkitektoek osatutako proposamenak bost aldaketa nagusi aurreikusten ditu. Lehenengo aldaketa, kanpoko eremuaren berrantolaketari dagokio: irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoentzako espazioa handitzea. Bigarrenik, berritasun gisa, kirol-anitz pista bat eraikitzea aurreikusi da, eta horrekin batera, ikastaroetarako gela berriak eta aldagelak. Gainera, Fitness gela berria sortzea proposatzen da terraza aurkitzen den espazioa aprobetxatuz, eta gaur egungo gelarekin konektatuta egongo litzateke. Bukatzeko igerilekua berritzea ere planteatu da, urte guztirako baliagarria izango litzatekeen instalazioa sortzeko.

Kiroldegia handitzeko proposamena xehetasun gehiagorekin ezagutzeko Udalak informazio-panelak ezarri ditu kiroldegiko eta Erribera Kulturguneko sarreretan, eta udal webgunean ere azalpen bideo bat eta dokumentazioa kontsultatu daitezke (www.astigarraga.eus).

Proposamenaren gaineko informazioa emateaz haratago, udalaren asmoa herritarren balorazio eta ekarpenak jasotzea da, ondoren, jasotako iritziak baloratu eta kiroldegiaren proiektu fasean aintzat hartzeko. Izan ere, arkitektoen aurretiko azterketak oinarrizko eraberritze batzuk aurreikusi baditu ere, ez da proposamen itxia eta egokitzapen batzuk burutzeko aukera dago.

Hori dela eta, herritarrak kiroldegirako proposamenaren inguruko iritzia eman eta ekarpenak egitera animatzen ditu udalak, horretarako ahalbidetu diren kanalak erabilita. Alde batetik, kiroldegian eta Erribera kulturguneko sarreretan eskuratu daitezken galdetegi laburren bidez egin daiteke ekarpena. Eta bestetik, online formatua ere ahalbidetu da galdetegia osatzeko: udalaren webgunean sartuta, edo zuzenean https://labur.eus/kiroldegia helbidean sartuta.

BILERA HERRITARREKIN

Bukatzeko, bilera ireki bat ere egingo da aurrez-aurre proposamenaren inguruko xehetasunak emateko, baita herritarren zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko ere. Azaroaren 24ean izango da, asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan, Erribera Kulturguneko antzokian. Interesa duten herritarrak bertaratzeko gonbidapena zabaldu nahi du udalak.

 

1 2 3 4 5 6 7 8