Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak ezohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egin zituen atzo

Bi kreditu aldaketa onartu ziren; bata, apaiz etxeko etxebezitzen mantenurako, eta bestea, Donostia Ibilbideko obraren likidaziorako. Bestalde, bizikleten alokairurako sistema publiko bat ezartzearen bideragarritasuna aztertzeko Donostiako Udalarekin lankidetza-protokoloa sinatzea ere ontzat eman zen.

2023·05·26


Kreditu aldaketak

  • Duela hiru urte sinatu zuten parrokiak eta Udalak apaiz etxeko etxebizitzak larrialdiko etxebizitza gisa erabiltzeko hitzarmena, eta 2024ko amaierara arte luzatzeko hitzarmena sinatu berri dute bi aldeek. Lehendik Udala erabiltzen ari zen hiru etxebizitzez gain, ganbarako etxebizitza ere erabili ahal izango du eskaileretan egokitzapen batzuk egin ondoren. Horri dagokionez, atzoko Osoko Bilkuran 8000 euroko kreditu-transferentzia onartu zen etxebizitza horien gastuetarako. Gainera, apirileko tokiko gobernu batzarrean 3600 euroko dirulaguntza izenduna onartu zuen parrokiarentzat, egoera zaurgarrian dauden astigartarren artean elikagaiak banatzeko.
  • Donostia ibilbideko obren bigarren fasea amaitzen ari dira. Hori dela eta, atzo Osoko Bilkurak obraren likidaziorako kreditu aldaketa onartu zuen. Gaur hasi eta astelehena bitartean asfaltatu egingo da, eta ondoren lorezaintza eta beste lan txiki batzuk egitea faltako da. Obrak bizpahiru astean amaitzea aurreikusten da.

Donostiako udalaren eta Astigarragako udalaren arteko lankidetza-protokoloa

Duela bi urte inguru Astigarragako Udala Donostiako Udalarekin harremanetan jarri zen, Donostian martxan daukaten bizikleten alokairurako sistema publikoa (dBizi) Astigarragan ezartzeko. Helburua da Astigarragann Donostiako sistemarekin bateragarri diren bi bizikleta geltoki jartzea eta bizikletak Astigarragan hartu eta Donostian utzi ahal izatea eta alderantziz.

Aukera horren bideragarritasuna aztertu eta lantzeko modua finkatzeko Donostiako Udalak protokolo bat sinatzea proposatu du. Astigarragako Udalak begi onez ikusten du bide horri ekitea, orain arteko lanketa sakontzeko eta atzo Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen protokoloa.

Astigarragako Udalak bere aldetik hainbat azterlan egin ditu: bizikleten erosketa/mantentze kostuen azterketa, osagarri den sistema baten kontratazioaren alderdi juridikoak, aurrekontuetan diru partida onartuta dauka eta abar.