Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Adifek Astigarragako tren geltoki berria eraikitzeko akordioak sinatu zituzten atzo

Geltoki berriaren eta haren pasabidearen proiektuak 15 milioi eurotik gorako aurrekontua du guztira.

2025·07·08


Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak eta Adifek atzo sinatu zuten Euskal Trenbide Sarearen bidez Astigarragako tren-geltoki berria eraikitzeko kudeaketa-gomendioa eta trenbide-azpiegitura berria Astigarragarekin lotuko duen pasabidea finantzatzeko hitzarmena. Pasabide horrek Donostiako (Irun-Brinkola) aldirietako tren-gunerako sarbidea emango du.

Astigarragako udaletxean egindako ekitaldian Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak, Jose Antonio Santano Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko estatu-idazkariak, Pedro Marco Adifeko presidenteak eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak parte hartu zuten.

Astigarragako Udalak 2024ko martxoko Osoko Bilkuran onartu zuen hitzarmena eta Euskal Trenbide Sareak 2025eko ekainean atera ditu lizitaziora eraikina eraikitzeko obrak. Eraikina angeluzuzena izango da, solairu bakarrekoa, nasa eta trenbideen gainean kokatua eta 420 m²-ko ataria izango du, erabiltzaileentzako zerbitzuak hartuko dituena. Beheko aldean, geltokiak 160 metroko luzera duten bi nasa izango ditu alboetan, eta eskailera finkoen eta igogailuen bidez lotuko dira atariarekin.

Terminal berrira iristeko, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat baino ezingo da erabili. Pasabide horrek Donostia eta Astigarraga lotuko ditu, puntu horretan trenbideak eta Urumea ibaiak bereizita. Pasabide hori 306 metro luze eta 4,5 metro zabal izango da. Inbertsio osoa 15 milioi eurotik gorakoa izango da.

Adifek ordainduko du geltokia; Eusko Jaurlaritzak, berriz, 2,6 milioi euro jarriko ditu eraikin berrira sartzeko plataforma eraikitzeko – Adifek 1,2 milioi emango dizkio pasabideari –, eta Astigarragako Udalak bere gain hartuko du pasabidea eraikitzeko behar dituen bere titulartasuneko lurzoruak jartzea eta horien mantentze-lanak egitea.

Astigarragako Udalaren balorazioa

Udalaren iritziz «atzokoa herriaren mugikortasunerako urrats garrantzitsua izan zen, horregatik Udalak hasieratik jarri dio lehentasun osoa gai honi». «Astigarragako garraio publikoa oso mugatua da, eta aldiriko tren-geltokia martxan jartzean, herritarrentzat asko zabalduko da hainbat herritarako konexioa, eta mugikortasun jasangarria sustatuko da» azpimarratu dute Udaletik.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, ezustekorik sortzen ez bada, obrak urtea amaitu baino lehen hasiko dira eta 20 hilabete inguruko iraupena izango dute