Albisteak

Atzealdea Astigarragako Udalak eta familiek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute gerra zibileko eta frankismoaren diktadurapean egindako genozidio edo gizateriaren aurkako delituengatik

Bost astigartarren aurkako delituengatik jarritako kereilan salatutakoa ikertzeari uko egin diote Gipuzkoako Herrialdeko Auzitegiak eta espainiar Konstituzio Auzitegiak

2025·10·10


2023ko irailaren 15an tartekatu zuen Astigarragako Udalak kereila Donostiako epaitegietan. Kereila horretan, Joseba Barandiaran Urkola, Segundo Mendiguren Aramburu, Leandro Lujanbio Lasa, Rafael Boulandier Garai, Tomas Alba Irazusta eta Sabino Barandiaran Arretxeren kasuak salatu ziren.

Frontean desagertzea, epaiketarik gabeko exekuzioak, gerra zikina... hainbat dira salatutako egitateak, guztiak gizateriaren kontrako krimentzat har daitezkeenak. Nazioarteko legedia oinarri hartuta, bertako epaitegiek egitate hauek ikertu beharko lituzkete eta dagozkion neurriak hartu arduradunak epaitu eta, hala behar izatekotan, zigortzeko.

Dena den, epaitegiek kereilan salatutakoa ikertzeari uko egin dioetenez, hainbat helegite tartekatu ditugu Udalak eta familiek, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian eta espainiar Konstituzio Auzitegian hurrenez hurren. Hauetan guztietan, eskaria ez da onartu eta, 1977ko Amnistia Legea oinarri, salatutakoak ikertzeari uko egin zaio, lege horrek 1977az lehenagoko gertakariak ikertzea debekatu egiten duela argudiatuz.

Bide hori egin eta Espainiako justizia sistemako pauso guztiak agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea erabaki dute familiek eta Udalak, frankismoko krimenak ikertzeari uko egin diotelako eta hau Giza Eskubideen urraketa larria delako.

Udalaren eta familien ustez, salatutako gertakariak gizateriaren kontrako krimenak dira, altxamendu frankistan edo frankismoan zehar gertatutakoak, eta nazioarteko legedian oinarrituta, krimen horiek ikertzeko epemugarik ez legoke, eta bertako nahiz nazioarteko edozein epaitegik ikertzeko eskumena luke. Horregatik, Udalaren eta familien iritziz, bertako epaitegiek gaia ez ikertzeko hartutako erabakiak nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoak dira, eta, horregatik hain zuzen ere, jo dute Europako Giza Eskubideen Auzitegira.