Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak eta Astigarragako Parrokiak bi hitzarmen sinatuko dituzte helburu sozialekin
2020·12·11
Apaiz etxeko hiru etxebizitzak erabilera sozialerako
2017an Astigarragako Udalak eta Astigarragako Parrokiak hitzarmena egin zuten, apaiz-etxeko etxebizitza bat Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak kudeatzeko. Gerora Parrokiak eraikin horretako beste bi etxebizitzak egokitu egin ditu.
Astigarragako Parrokiak hiru etxebizitza horiek gizarte-bazterkeriako egoeran dauden udalerriko herritarrak berralojatzeko erabiltzea nahi du, baina zeregin humanitario hori gauzatzeko beharrezko baliabiderik ez du. Era berean, Udalak hainbat etxebizitza ditu behar sozialei erantzuteko, eta horrelako baliabideak edukitzea garrantzitsua da.
Hiru etxebizitzek ezaugarri ezberdinak dituzte; batek lau logela ditu, beste biek, ordea, logela bakarra dute.
Hitzarmen honen bidez, Udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatuko dituzte aipatutako hiru etxebizitzak, alokairu sozialerako edota harrera etxebizitza bezala erabiltzeko. Hitzarmena 2020ko abenduaren 1etik 2022ko azaroaren 30era egongo da indarrean, ondoren, 2023ko abenduaren 31era arte luzatzeko aukerarekin.
Udalak, 24.000 euroko dirulaguntza emango dio Astigarragako Parrokiari etxebizitzak egokitzeko egindako obrak diruz laguntzeko.
Elikagaien banaketa
Astigarragako Udalak Astigarragako parrokiarekin hitzarmena gauzatu du 2021. urtean elikagai eta beste behar sozial batzuen banaketarako. Banaketak eragingo dituen gastuei aurre egiteko Udalak 3.600 euroko dirulaguntza emango dio Parrokiari.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek aztertuko dute familia eta herritarren egoera eta zerrenda bat osatuko dute.
Astigarragako parrokia arduratuko da hilean behin zerrenda horretan dauden herritar eta familiei elikagaiak banatzeaz, elikagaiekin batera, musukoak ere banatuko zaizkie.
Udalaren eta Parrokiaren arteko hitzarmen hauek garrantzitsuak dira, bereziki bazterketa egoeran dauden pertsona eta familiei laguntzeko eta Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten bestelako zerbitzu eta programen osagarri dira.