Albisteak
Atzealdea Astigarragako Udalak energia elektrikoa hornitzeko kontratua Goiener kooperatibarekin sinatu du
2020·09·24
Lehen lotea (argiteria publikoa) 84.767,33 eurotan esleitu da. Bigarrena (udal ekipamenduak) 41.410,25 eurotan, eta hirugarrena (udalaren etxebizitzak) 9.764, 59 eurotan.
Udala oso pozik agertu da hurrengo urteetan behar izango duen energiak jatorri berriztagarria izango duelako. Energia berriztagarriek, ingurumenean erregai fosilek edo energia nuklearrak baino inpaktu txikiagoa izateaz gain, autohornikuntzan laguntzen dute, eta, beraz, lurralde baten mendekotasun energetikoa murrizten dute.
Udalak eredu jasangarriago bat lortu nahi du eta bide horretan pausu garrantzitsua izan zen asteartean Goiener enpresarekin sinatutako kontratua.
Zer da Goiener?
Goiener energia % 100 berriztagarria sortu eta bazkideen artean merkaturatzen duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritarra da, Ordizian sortu zena 2012.urtean.
Goiener-en xedea hiritarrek energiaren (batik bat elektrikoa) kontrola berreskuratzea da eta honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.
Kooperatibak bilatzen duen azken helburua sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.