Albisteak
2021·04·07
Aurrekariak
Desanexioa gertatu zenetik, gai eztabaidagarria izan da, Donostiako Udalaren eta Astigarragaren artean.
1987an, Astigarraga berriz ere udalerri bilakatu zenean, Donostiako Udalak ez zizkion Elio-eneako eta Larraburu inguruko lursail batzuk Astigarragako herriari eman. Auzitegietara jo eta hainbat urteren buruan, 2017ko maiatzaren 26an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiak ezarri zuen lur horiek Astigarragako Udalarenak zirela. Epai hori beteaz, lurrak 2019ko abenduaren 26an inskribatu ziren Astigarragako Udalaren izenean.
Bitarte horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak lur horien zati bat desjabetu egin zuen Donostiako bigarren ingurabideko errepidea eraikitzeko eta desjabetza horren diru-ordaina, 560.977,40 euro Donostiako Udalari ordaindu zion.
Astigarragako Udala lursail horien titularra zenez eta denez, berari zegokion jasotzea desjabetutako finkengatik jasotako diru-kopurua eta horren legezko interesak, horregatik, 2020ko apirileko Osoko Bilkuran aurkeztu zion Donostiako Udalari erreklamazioa.
Epaia
2021eko martxoan jaso du Astigarragako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, eta aldeko irizpena du.
Aurrez aipatutako kontzeptuaengatik, 560.977,40 euro eman behar dizkio Donostiako Udalak Astigarragako Udalari.
Hala ere, epaia ez da irmoa eta errekurtsoa helegitea aurkezteko aukera dago apirilaren 19ra arte.